Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Musikak gizakien bizitza hobetzeko duen ahalmenaz, gaur, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Xabier Lizaso piano-jotzaileak martxan jarritako 'Do, re, ni' prozesua ezagutuko dugu.

0:26
'Ur Handitan' saioko irudia

Musikari buruz hitz egitean, gehiengoak pentsa dezake oso presente dagoela gure egunerokoan: kontzertuetan, irratian, telefono mugikorrean… Ia egunero entzuten dugu musika, baina hortik aurrera, zer? Musikak gizakien bizitza hobetzeko duen ahalmena erabiltzen al dugu? Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak ezetz uste du, eta egoera hori errotik aldatu nahi du. Domeinu musikaletatik kanpo musikak dituen onurak gizartean zabaltzeko nahia da bere bizitzaren motorra. Horretarako, Do, re, ni proiektua jarri du martxan, eta emaitzak ez dira nolanahikoak izan. 'Ur Handitan' saioa prozesu horren lekuko izan da.

Xabier Lizasok Donostiako Musika Eskolan egin zituen ikasketak, eta, bukatzean, Poloniara joan zen ikasketa horiek sakontzera. Polonian, musika ikasteko eta bizitzeko beste sentsibilitate bat aurkitu zuen. Musikak jendearen bizitza hobetzeko zuen balioaz ohartuta, musika ikasten jarraitzeko erabakia hartu, eta Ingalaterrara joan zen. Ingalaterrako hezkuntzan musikari ematen dioten garrantziak betiko markatu zuen.

Euskal Herrira itzuli zenean, Ingalaterran eta Polonian ikasitakoak hemen martxan jartzen saiatu zen, baina ez zen erraza izan. Gizartea eta erakundeak ez zeuden prest hezkuntzan musikari tarte handiagoa emateko. Xabierrek, ordea, ez zuen etsi. Do, re, ni proiektua abiatu zuen, eta 6.000 emanaldi baino gehiago egin ditu jada eskoletan.

Oso emaitza onak lortu ditu haur autistekin eta hiperaktibitate zantzuak dituztenekin. Musikak kontzentrazioa handitzen eta adierazteko baliabideak hobetzen laguntzen die. Ander Iruretagoiena eta Asier Espejo dira horren adibide. Lehenengoak hiperaktibitate zantzuak zituen; bigarrenak, autismoa. Do, re, ni proiektuak bizitza hobetzen lagundu die biei. 'Ur Handitan' saioan, beren esperientzia kontatuko dute.

Baina Xabierrek ez du bere proiektua haurren eta gazteen eremura mugatu nahi. Uste du emaitza positiboak lor ditzakeela hirugarren adineko pertsonekin eta kirolari profesionalekin ere. 'Ur Handitan' saioak Xabier Lizasok gidatutako jardunaldi horiek erakutsiko ditu: Zaldibiako eskolara joan dira Lizasok haurrekin nola egiten duen lan ikusteko, eta Orioko zaharren egoitzan ere izan dira, baita Bera-Bera eskubaloi taldeko neskekin ere.

Do, re, ni proiektuari buruzko testigantza eta irudi horiek guztiak gaur izango dira ikusgai 'Ur Handitan' saioan, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista