Ur Handitan
22:30ean
Euskal futbolaren urrezko aroak, gaur, "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioan
EITB Media
Talde desberdinetako gonbidatuak eta zaleak elkarrizketatuko ditu saioak euskal futbolaren garai onenak gogorarazteko.
Gaur gauean, futbolak bizi izan dituen urrezko aroak izango ditu hizpide "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" programak.
80ko hamarkadako urteak loretsuak izan ziren euskal futbol taldeentzat, bertoko futbola Ligako erreferentea bilakatu baitzen. 1981eko apirilaren 26an, Jesus Mari Zamorak sartutako golari esker, Espainiako Liga irabazi zuen Realak lehendabiziko aldiz. Zamora elkarrizketatuko du saioak, eta harekin batera, hainbesteko eragina izan zuen gol hura ekarriko dute gogora. Handik urtebetera iritsi zen Realaren bigarren ligaren titulua, eta 1987an, Errege Kopa. Garaipen horiek gogoratzearekin batera, Atotxa zelaiaz hitz egingo dute Juanan Larrañaga Realeko jokalari ohiarekin.
Realaren bi liga garaipenen ostean, Athleticen txanda iritsi zen. Liga eskuratu zuten bizkaitarrek 1983an, eta titulua ospatzeko gabarra atera zuten. Orduko oroitzapenez hitz egingo du garai hartan jokalari zen Nuñezek. Hurrengo urtean, 1984an, titulu bikoitza eskuratu zuen Athleticek: Liga eta Kopa. Endika Guarrotxena Kopako golegilearekin arituko dira garaipen horiei buruz.
Bestalde, talde bateko zein besteko zaleen papera ere garrantzitsua izaten da futbolean; hala, beraiek bizi dutenaz aritzeko, Irene Larrea Athleticeko zalea eta Ander Izagirre Realeko zalea elkarrizketatuko ditu saioak.
Historian lehenengoz, bi euskal talde, Reala eta Athletic, heldu dira Errege Koparen finalera. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, baina, partida atzeratzeko erabakia hartu zuten. Mikel San Jose eta David Zurutuza, Athleticeko eta Realeko jokalari ohiak, finala jokatu gabe gelditu ziren, eta horri buruzkoak kontatu dizkiote Xabierri.
Emakumezkoen futbolak ere izan zuen bere urrezko aroa, hain justu, 90eko hamarkadaren hasieran. Bi talde txikik, Oiartzunek eta Añorgak, liga bana irabazi zuten, egungo emakumezkoen futbolaren aitzindari bilakatuz. Gaur egun Emakumezkoen Realeko kirol zuzendaria den Garbiñe Etxeberriak Oiartzungo taldearekin jokatzeko aukera izan zuen, eta orduko bizipenak gogora ekarriko ditu. Bestetik, Iraia Iturregi Athleticeko jokalari ohiarekin ere izango da programa, eta taldean emandako hamabost urteetako ibilbideari errepasoa egingo dute. Horrez gain, emakumezkoen futbolak bizi izan duen bilakaeraren lekuko da Janire Fragua EITBko kirol kazetaria, eta horretan nabarmendu diren gertaerak izango ditu hizpide bizkaitarrak.
"Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" astearteetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.