Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

Hiritik herrira bizitza aldatu duten protagonistak, gaur, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Hiritar askok herri txikietako abantailak deskubritu dituzte eta haien hiriko bizitza atzean utzi dute, beste berri bati ekiteko. Aldaketa hori egin dutenekin arituko da Xabier Madariaga.

0:30
Xabier Madariaga

XX. mendean herri txikiak utzi eta hiri handietara joan zen jendea bizitza hobe baten bila. Gaur egun, ordea, kontrakoa da prozesua. Hirietatik herrietara itzultzen hasi gara, eta pandemiak joera hori areagotu du. Bakea, lasaitasuna, natura, komunitate bizitza, urbanita askok herri txikietako abantailak deskubritu dituzte eta haien hiriko bizitza atzean utzi dute, beste berri bati ekiteko. Aldaketa hori egin duten hainbat pertsona ezagutuko ditu Xabier Madariagak "Ur Handitan" saioan gaur gauean.

Itziar Arconada Madrilen jaio zen eta bertan eman zuen nerabezaroa. Hiri handien erritmo zoroez aldendu nahian, Donostiara ikastera joan zen 18 urterekin. Beizaman bukatu zuen, Gipuzkoa erdi-erdian.

Itziarren laguna den Igone Arruti umetatik bizi izan da Beizaman. Berak ere Itziar eta haren lagunen etorrerak herrian sortu zituen zurrumurruak gogoratzen ditu. Iñigo Altuna bilbotarrak ere Beizama aukeratu zuen bizilekutzat. Egun, guztiz barneratuta dago herriko bizitzaren egunerokoan, bertako aterpetxean lan egiten du.

Iruñekoak dira Josu Biskarret eta Mikel Pardo, baina Zorokiainen bizi nahi dute. Herria hutsik egon da azken 25 urteetan eta etxeak guztiz hondatuta. Hala ere, 2012an iruindar batzuk eraikin horiek erosten hasi eta Errekazar auzo elkartea sortu zuten, modu horretan hilik zegoen herriari bizitza berri bat emateko helburuaz.

Marijo Waliño zarauztarrak Londresen eta Sevillan eman zituen hainbat urte. 2000. urtean itzuli zen Euskal Herrira eta handik zazpi urtera txikitako ametsa gauzatzeari ekin zion: Zaraitzu bailarako hamaika biztanleko Itzalle herrian etxe bat erostea.

Bailara bereko Otsagabia herrian bizi dira Rakel eta Iñaki Zoko anai-arrebak. Familia herrikoa zuten, baina txikitatik Iruñean bizi izan dira. Nagusitzean, argi izan zuten herrira joan nahi zuten bizitzera, eta nahiz eta hasieran gogorra izan, lan eskaintza txikia zegoela, azkenean lortu zuten euren tokia topatzea.

"Ur Handitan" saioak Hiritik herrira erreportajea eskainiko du, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.