Zuek hor
22:25ean
Aitzol Atutxa eta Idoia Etxeberria, gaur, 'Zuek Hor!' saioan
EITB
Aitzol Atutxa aizkolaria eta Idoia Etxeberria harri-jasotzailea izango dira gonbidatuak.
Herri kirolen munduan murgilduko da gaur 'Zuek Hor!' saioa, eta Aitzol Atutxa egungo Euskal Herriko aizkolari txapelduna eta Idoia Etxeberria harri-jasotzailea izango dituzte horretarako gonbidatu platoan.
Dimako Aitzol Atutxak, hiru urtez jarraian Bizkaiko aizkolari txapelduna izan ostean, iaz lortu zuen Euskal Herriko txapela janztea. Idoia Etxeberria, aldiz, errekorrak hausten ari den harri-jasotzailea da. 150 kiloko harria altxatu duen emakume bakarra da, eta hortxe jarri du errekorra. Gainera, Euskal Herriko txapela lortu zuen iaz.
Asteartero legez, Ibon Gaztañazpi eta Marta Elvira arituko dira aurkezle lanetan, eta Anjel Alkain, Aitziber Garmendia, Iker Galartza eta Ana Elordi aktoreek hainbat pertsonaia ekarriko dituzte. Zukutu Band taldea, , Aitor Gabilondo buru, saioa musikaz girotzen arituko da 'Zuek Hor!'eko platoan.
Maddalen Arzallus bertsolariak biribilduko du saioa, elkarrizketan zehar gonbidatuek aitortu dituzten bitxikeriekin bertso-bertsio musikatu bat eginez zuzenean, Zukutu Band taldearen ezinbesteko laguntzarekin.
'Zuek Hor!' gaur gauean izango da ikusgai, 22:25etik aurrera, ETB1en.