Politika -

KANPAINAURREA

EAJk "Euskadiren ahotsa" izan nahi du Europan

Era berean, "populismoak borrokatzeko" lortu nahi du ordezkaritza ekainaren 9an Europako hauteskundeetan.

EAJk Donostian egin du Europako hauteskundeetarako hautagaitzaren aurkezpena. Argazkia: EFE
EAJk Donostian egin du Europako hauteskundeetarako hautagaitzaren aurkezpena. Argazkia: EFE
EAJk Donostian egin du Europako hauteskundeetarako hautagaitzaren aurkezpena. Argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Europan Euskadiren ahotsa" izateko eta "populismoak borrokatzeko" aurkeztu da EAJ Europako hauteskundeetara, gaurko aurkezpen ekitaldian jakinarazi duenez.

Ekainaren 9ko hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu dute gaur jeltzaleek, Donostiako Tabakaleran, eta hauxe adierazi du Oihane Agirregoitia zerrendaburuak: "Europa sendo batean sinesten dugu, pertsonen ondoan egongo dena eta demokrazia defendatuko duena: Europa hori denon artean eraikitzera gonbidatzen zaituztet".

Agirregoitiaren arabera, "alderdi gutxik" egin dute eurena bezalako "ibilbide europarra eta europazalea", eta 1933ko Aberri Eguneko leloa "Euzkadi-Europa" izan zela gogorarazi du.

Hautagai jeltzaleak azpimarratu du "Euskal Herriaren benetako ahotsa" berea izango dela.

EAJ CEUS-Europa Solidarioaren aldeko koalizioan aurkeztu da, Coalicion Canariarekin, Geroa Bairekin eta El Pi-Proposta per les Illes Balears alderdiekin batera.

Gaurko ekitaldian, Europako Parlamentuan eserlekua utziko duen Izaskun Bilbao jeltzaleak ere hartu du hitza, eta esan du EAJk "ibilbide zehatz bat eta emaitzak egiazta ditzakeen ahotsa" eskaintzen dituela.

Sandro Gozi Renew Europe Now taldeko zerrendaburu eta Europako Batzordearen presidentetzarako hautagaiak ere hitz egin du, eta goraipatu du jeltzaleek "Europako Alderdi Demokrataren DNA berbera" dutela. "Gu gara mutur bien benetako alternantzia", erantsi du.

Hain zuzen ere, muturreko indarrez aritu da Andoni Ortuzar EAJko presidentea, eta ohartarazi du "populismoek eta muturreko ultrek" Europako hauteskundeetan "arrakasta" lor dezaketela, herritar askoren Europako hauteskundeekiko "atxikimendurik ezaren eta interes faltaren" ondorioz. Eta "ez asko direlako, haiek botoa ematera joango direlako baizik", ohartarazi du Ortuzarrek, eta euskal gizarteari "lozorro eta apatia horretan ez erortzeko" eta "botoa ematera joateko" deia egin dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ EB Europa Europako Parlamenturako Hauteskundeak 2024 Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Europarlamentuari buruzko azken albisteak