Ekonomia
Aurreproiektua
EAJk ez du Jaurlaritzaren Etxebizitza Lege egitasmoa onartuko
Erredakzioa
Jeltzaleek aldaketa garrantzitsuak eskatu dizkiete sozialistei. Halaber, PPk Etxebizitza Legearen aurreproiektua ez duela babestuko esan du.
EAJren ustez, "mileurista" ugari kanpoan geldituko dira Etxebizitza Lege berriaren egitasmoarekin; ildo horretan, "hiritar guztientzako salneurri eskuragarria" bermatzeko eskatu du.
Ricardo Gatzagaetxebarria eta Juan Antonio Arieta-Araunabeña EAJko legebiltzarkideek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza aurreproiektua prestatu du gainerako alderdien iritzia kontutan izan gabe. Ildo horretan, Etxebizitza aurreproiektuak aldaketa garrantzitsuak behar dituela uste dute, eta aurrera atera nahi badute negoziatu beharko dutela ohartarazi diote.
Joan den urtarrilaren 21ean aurkeztu zuen Iñaki Arriola sailburuak Etxebizitza Lege egitasmoa.
EAJ alderdiarentzat, aurreproiektu horrek "kanpoan" uzten ditu Etxebideko lagun gehienak.
Bestalde, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, Etxebizitza Legearen aurreproiektuaren kontra alderdi batzuek plazaratutako kritikak "bizkorregiak" dira.
Izan ere, Etxebizitza Legea oraindik garai hasiberrian dagoela gogoratu du Mendiak. Halere, "ulergarria" da Mendiarentzat PP eta EAJ alderdi "kontserbadoreek" gustukoa ez izatea.
Gobernuko bozeramailearen hitzetan, alegazio eta ekarpen guztiak aztertzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak.

