Albisteak -
Iragarpena
Eguraldi ezegonkorra nagusi, gaur hasi eta asteburu osoan
Gaur bezala, larunbatean eta igandean ere, zaparradak botako ditu noizbehinka eta nonahi. Tenperatura atsegina izango da, 20 ºC-ren bueltan.
Erredakzioa
Asteburua lanegunetan izan den eguraldiaren jarraipena izango da eta eguraldi ezegonkorra ez da aldatuko, Euslametek iragarri duenez.
Gaur ezegonkortasunarekin jarraituko dugu. Zaparradak botako ditu noizbehinka, baina aurreko egunetan baino txikiagoak izango dira. Edozein lekutan bota ditzake zaparradak, baina hegoaldean eta mendebaldean sarriago botatzea espero du. Haizeari dagokionez, hego-mendebaldeko haizeak indarra galduko du, baina hala ere haizeguneetan bolada gogor batzuk izango dira. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango; kostaldean eguneko maximoak 20-22 ºC inguruan kokatuko dira eta 17-19 ºC inguruan barnealdean.
Larunbatean ere, aldaketa gutxi. Haizearen norabidea aldatu egingo da eta ipar-mendebaldetik joko du eguerditik aurrera. Gainerakoan, ezegonkortasunarekin jarraituko dugu, beraz zaparradak bota ditzake nonahi eta noiznahi, eta trumoi-ekaitzak izateko posibilitateak ere hor jarraituko du. Tenperatura ia ez da aldatuko barnealdean, baina kostaldean iparra sartuko denez, zertxobait behera egingo du.
Igandean, berriro ere giro nahasia eta ezatsegina. Euria egiten jarraituko du; igandean batez ere Kantauri isurialdean egingo du eta egunaren bigarren partean. Haizeari eta tenperaturari dagokionez ez dugu aldaketarik espero; haizeak ipar-mendebaldetik joko du eta tenperatura epelenak 18 eta 20 ºC artean kokatuko dira.