Gizartea -

Koronabirusa

Jaurlaritzak maiatzaren 25era atzeratu du eskolen itzulera

Horixe iragarri du Erkorekak, eta azaldu du zentroei berme juridikoa emateko egingo dutela.

Iparraldeko eskola bat. Argazkia: EiTB
Iparraldeko eskola bat. Argazkia: EiTB
Jaurlaritzak maiatzaren 25era atzeratu du eskolen itzulera

1:27

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak astebete atzeratu du, maiatzaren 25era, aurrez aurreko eskolen itzulera DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat, hezkuntza-komunitatea "gehiago ez tentsionatzeko", eta egun dauden "zalantza juridikoak" horren esku ez uzteko.

Horixe iragarri du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak prentsaurreko batean, eta azaldu du egokia dela ikasgelen irekiera astebete atzeratzea, Espainiako Gobernuak oraindik ez dituelako arau batean jaso itzulera horretarako berme juridikoak.

"Nahiago dugu hasierako proposamena astebete atzeratu, eta datorren astean lasaitasun handiagoarekin ibili, ikasgeletara itzultzea patxadaz antolatzeko", gaineratu du.

"Zalantza juridikoak"

Erkorekak azaldu duenez, "zalantza juridikoak" daude, "Espainiako Gobernuak argitu gabekoak"; izan ere, hasierako alarma-egoerak ez zuen aukera hori aurreikusten, eta gerora ezarri zuten autonomia-erkidegoekin negoziatu beharra zegoela.

Erkorekak argi utzi duenez, Hezkuntza Sailak, hezkuntza-eragileekin izandako elkarrizketetan, ez du jaso itzulera-planaren aurkako ahobatezko iritzirik. Hori bai, alde guztiek bi baldintza eskatu dituzte: osasun-bermeak eta berme juridikoak egotea.

Osasun-bermeei dagokienez, Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du "osasun-protokoloa" dagoela, "oso landua, sakona eta sendoa", eragile guztiek jaso dutena eta ikastetxeetarako buelta kudeatzeko balio duena.

Berme juridikorik, baina, ez dago gaur egun, gehitu du. Erkorekak zehaztu duenez, alarma-egoera luzatu zuen maiatzaren 8ko dekretuko 4. artikuluak ezartzen du Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoekin hitzartzeko aukera izango duela, "alarma-egoeran ezarritako baldintzak aldatzeko, zabaltzeko edo murrizteko".

Erkorekaren esanetan, Espainiako Gobernuak maiatzaren 9an eman zuen agindua autonomia-erkidego bakoitzarekin adostutakoa zehazteko; Euskadiri dagokionez, EAEk ahalmena izango zuen erregimen berezia ezartzeko bi arlotan: joan-etorrien askatasunean, eta kultura-, aisialdi- eta kirol-arloan.

"Ez dago arau juridiko argi, bideragarri eta ulergarririk"

"Hezkuntza-arloan, baina, Espainiako Gobernuarekin adostutakoak ez du ekarri oraindik arau juridiko argi, bideragarri eta ulergarririk. Akordioa egon badago, baina ez dago zehaztuta Euskadiren planteamendu espezifikoak zein irismen izan dezakeen, ez eta horren baldintzak zeintzuk izan behar diren ere", argitu du Erkorekak.

Gehitu duenez, aste honetan elkarrizketak izan dituzte Pedro Sanchezen Gobernuarekin, akordio horren baldintzak juridikoki zehaztea eskatzeko. Une honetan, ez dago  adierazita Euskadik nola jardun dezakeen hezkuntza-arloan, eta, bozeramailearen hitzetan, ez da ziurra ondorengo orduetan hori zehaztea.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak ez dio hezkuntza-komunitateari tentsioa ezarri. Jaurlaritzaren iritziz, "egoera hau tentsioa ezartzea da; ostegun eguerdiko ordu bietan, zalantza juridikoa dago, eta Espainiako Gobernuak ez du argitu".

Erkorekak zehaztu duenez, "tentsio eta zailtasun hauek saihestu daitezke"; beraz, "egokitzat jotzen dugu ikastetxeak irekitzeko hasierako egutegia atzeratzea, maiatzaren 18tik 25era arte".

Ikastexeek askatasuna zuten erabakitzeko aurrez aurreko eskolak berreskuratuko zituzten ala ez

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hurrengo astelehenerako zuten zehaztuta, maila jakin batzuetan, ikastetxeetarako itzulera. Dena den, ikastetxeek askatasuna zuten erabakitzeko aurrez aurreko eskolak berreskuratuko zituzten ala ez, eta prebentziozko hainbat neurri zeuden ezarrita koronabirusaren kutsadura saihesteko.

Sindikatuek eta familiek, alabaina, itzulera hori zalantzan jarri dute, arinegia izateagatik: Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkari Denis Itxasok ziurtatu zuen asteazkenean aurrez aurreko eskoletara bueltatzea ez zegoela aurreikusita deseskalatzearen 1 fasean, Euskadi dagoen fasean, hain zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea