Ekonomia -

Koronabirusa

Sindikatuak: "Ikastetxeetara itzuli aurretik segurtasun neurriak adostu behar dira"

Itzulerarako data aldatu izanak Hezkuntza Saila "inprobisatzen" ari dela erakusten duela azpimarratu dute ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek.

Sindikatuen protesta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean. ETBko bide batetik hartutako irudia
Sindikatuen protesta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean.
Sindikatuen protesta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean. ETBko bide batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 18tik 25era atzeratu du ikastetxeak berriro irekitzeko data, baina sindikatuek azken asteetako jarrerari eutsi diote: langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko segurtasun neurriak, protokoloak eta baldintzak negoziatzea eta adostea eskatzen dute.

Hala egin ezean, beharginak lantokira bueltatuko ez direla ohartarazi dute ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek ohar bateratu batean.  

Hezkuntza Saila "arduragabe" eta "inprobisazioarekin" jokatzen ari dela berretsi dute eta data aldatu izana horren erakusgarri dela erantsi dute.

"Gaur, Cristina Uriartek iragarri du astebetez atzeratu duela aurrez aurreko klaseen itzulera. Data berria eman digu, maiatzaren 25a, baina oraindik ez digu zein neurri hartuko dituzten hezkuntza komunitatearen osasuna bermatzeko", kritikatu dute.

Sindikatuek nabarmendu dute itzulerarako data ezarri aurretik, langileak eta ikasleak babesteko neurriak erabaki behar direla, eta hori sindikatuekin eta hezkuntzako komunitate osatzen duten eragileekin elkarlanean egin behar duela esan diote Uriarte sailburuari.  

"Zorionez, gure komunitatearen mezua entzun du eta azkenean jabetu da ez dagoela segurtasun baldintza nahikorik itzulera maiatzaren 18an egiteko", adierazi dute.

Alabaina, langileen eta ikasleen segurtasuna bermatzeko neurriak eta protokoloak sindikatuekin eta hezkuntzako gainerako eragileekin negoziatu eta adostu ezean, aurrez aurreko klaseak maiatzaren 25ean hastea ezinezkoa izango dela aurreratu dute.

"Honek guztiak erakusten du Hezkuntza Saila inprobisazioarekin eta berme juridikorik gabe erabakiak hartzen dabilela", deitoratu dute

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Euskal Eskola Publikoa Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Sindikatuak CCOO UGT Steilas Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea