Itxi

Mundua

Laguntzak

Bruselak Greziaren bilakaera goretsi du, baina arriskuez ohartarazi du

Erredakzioa

EBk eta Nazioarteko Diru Funtsak Greziari emateko adostu zuten diru-laguntzaren bigarren zatia irailean emango diote. Guztira 110.000 milioi euro jasoko ditu Greziak.

Greziak kontu publikoak eta herriaren porrot ekonomikoa saihesteko hartutako neurriak egokiak direla esan du gaur Bruselak; dena den, oraindik "arrisku eta erronka" garrantzitsuak gainditu beharko ditu, besteak beste, espero zena baino inflazio altuagoa edo finantza sektorearen ezegonkortasuna.

Europar Batzordeko, Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtseko ordezkari talde batek Greziako programa ekonomikoaren lehen bilakaera aztertu du Atenasen uztailaren 26tik eta gaur arte. Datozen hiru urteotan 110.000 milioi euroko diru-laguntza ematea adostu zuten.

EBk azaldu duenez, 2010ean aurreikusitako ekonomiaren % 4ko eta 2011an % 2,25eko kontrakzioa "maiatzeko datuekin bat dator"; inflazioa, ordea, aurreikusitakoa baino altuagoa da, besteak beste, zeharkako zergen igoera dela eta.

Ezarritako aurrezte helburuak lortu ditu Greziako Gobernuak; hala ere, oraindik hainbat arazo ditu, besteak beste, herri eta probintzia, zein ospitaletan gastua kontrolatzeko, eta ondorioz, Bruselaren hitzetan, gastuaren kontrola gogortzeko eta errenta altuak alde ez egiteko zailtasunak izan ditzake Gobernuak.

Era berean, abian jarritako erreformen bilakaera, pentsio sisteman egindako aldaketak eta lan-erreformaren berregituraketa goretsi dute.

Hala ere, Bruselak onartu duenez, Greziako Gobernua oraindik ez da nazioarteko merkatuan sartzeko gai.