Ekonomia -
Zazpigarren greba orokorra
Milaka pertsonek protesta egin dute Greziako Parlamentuaren aurrean
Sindikatuek 20.000 pertsona bildu dituzte, 11.000 Poliziak adierazitakoaren arabera, pentsioen erreforma gaitzesteko. Lanuzteak garraioetan eta osasunean eragin du.
Erredakzioa
Sindikatuek baieztatu dutenez, 20.000 lagunek –11.000 pertsona Poliziaren arabera- Atenaseko Parlamentuaren aurrean bildu dira pentsioen erreformaren aurka protesta egiteko. Zazpigarren greba eguna da gaurkoa Grezian, Gobernuak murrizketa plana abiatu zuenetik.
Gianis panagopulos milioi eta erdi langile ordezkatzen dituen Greziako Langileen Konfederazioko presidenteak adierazi du "lanpostuetako erantzuna oso altua" izan dela, "% 80ra iritsi" dela.
Hala ere, garraio guztiak gelditu dituztenez, manifestazioan parte hartzea "baxua" izan dela onartu du eta "jendeak erdigunean egin dituzten manifestazioetara iristeko zailtasunak izan
Garraio publikorik ez
Sektore publikoko eta pribatuko sindikatu nagusiek deitutako lanuzteak garraio publikoa gelditu, hegaldiak bertan behera utzi eta osasun zerbitzuak murriztu ditu.
Jarraipen handia izan du grebak Atenasen; ez dago garraio publikorik, taxiak ezik.
Aire-kontrolatzaileek lanuztearekin bat egin dutenez, 82 hegaldi bertan behera utzi eta 102 aldatu behar izan dituzte Atenaseko Nazioarteko Aireportuan, goizeko zazpietatik hamaiketara.
Portuko agintariek jakinarazi dutenez, irletara bidaia egiten duten transbordadoreen zortzi zerbitzu bertan behera utzi dituzte. Horrez gain, ez dago tren zerbitzurik herrialde osoan.
Osasunaren sektoreari dagokionez, larrialdiko kasuak soilik artatuko dituzte ospitale publikoetan.
Pentsioen erreformaren aurkako protesta
Greziako Parlamentuaren gehiengoak pentsio sistemaren erreforma onartu du ohiz kanpoko batzarraldian goizaldean, dena den, Ganbarak gaur araudiaren artikulu guztiak banan-banan berretsi behar ditu.
Lege berriak 65 urtera igo du erretiroa hartzeko batez besteko adina eta pentsio altuena lortzeko, langileek 35 urte barik 40 kotizatu beharko dituzte. Araudiaren arabera, halaber, emakumezkoen eta gizonezkoen jubilatzeko adina berdindu eta ordainsaria % 7 murriztu litzateke.
Sindikatuek deituta, milaka pertsona Parlamentuan bilduko direla aurreikusi dute. Bertan lege berriaren inguruan eztabaidatzen egongo dira legegileak.