Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Garaikoetxeak dio 'lotsagarria' dela Bilduren kontrako 'jazarpena'
Lehendakariak azpimarratu du "ibilbide demokratikoko" alderdiek osatutako koalizioa dela eta zerrendetan agertzen diren herritarrek "eskubide zibil eta politiko osoak" dituztela.
Erredakzioa
Carlos Garaikoetxea lehendakariak Bilduren kontrako "jazarpen lotsagarria" salatu du zerrenda guztiak inpugnatu dituztelako eta "ibilbide demokratikoko" alderdiek osatutako koalizioa dela eta zerrendetan agertzen diren herritarrek "eskubide zibil eta politiko osoak" dituztela azpimarratu du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Garaikoetxeak azaldu duenez, zerrendetan agertzen diren independente guztiak ez dira ezker abertzalearen ideologiaren gertukoak, izan ere, "EAren gustukoak ere badaude, tradizio handia izan baitugu independenteak aurkezteko".
Garaikoetxeak berretsi du zerrendetako hautagaiek ez dutela aurrekaririk "eskubide zibil eta politikoak mugatzeko", baina hala eta guztiz ere, "espiatu eta telefono deiak kontrolatu" dizkietela salatu du.
Lehendakariaren esanetan, "hautesleriaren zati handi baten baztertze politikoa" eta "indarkeria" amaitzea dira koalizioaren helburuak.
Indarkeriari dagokionez, Garaikoetxeak gogorarazi du hautagaiek "dekalogo bat" sinatu dutela "bide baketsuekiko konpromisoa erakusteko eta helburu politikoak lortzeko indarkeria oro gaitzesteko".
Gainera, Garaikoetxeak uste du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak ere ez dituela sinesten egiten dituzten salaketak.