Politika -
Auzitegi Gorena
Gobernuak dagoeneko inpugnatu ditu Bilduren zerrendak
Joaquin de Fuentes Badaji Estatuaren abokatuak Bilduren 254 zerrenda eta 16 hautagaitza independente inpugnatu ditu. Fiskaltzak bihar aurkeztuko ditu inpugnazioak.
Erredakzioa
Gobernuak, Estatuaren abokatuaren bitartez, Bilduk maiatzaren 22ko hauteskundeetarako aurkeztu dituen 254 hautagai-zerrendak inpugnatu ditu legez kanpoko ezker abertzaleak, hauteskundeetan egon ahal izateko, zuzendutako hautagaitzak direlakoan.
Joaquin Fuentes Bardaji Estatuaren abokatuak 13:00ean aurkeztu du inpugnazioa Auzitegi Gorenean. Bilduren 254 zerrendaz gain, 16 hautagaitza independente ere inpugnatu ditu arrazoi berbera argudiatuta, hau da, legez kanpoko ezker abertzalearen tresna direla hauteskundeetan egoteko eta ETA-Batasunaren oinordekoak direla.
Estatuaren abokatuaren esanetan, aurkeztu dituzten frogek agerian uzten dute Bilduren hautagaitzak legez kanpoko alderdiek kudeatu eta koordinatu dituztela.
"ETA-Batasunaren oinordekoak dira hautagaitzak", adierazi du De Fuentesek.
Estatuaren abokatuak azaldu duenez, ez dute koalizioa inpugnatu, inpugnazioak hautagaitzen kontra egiten direlako. Estatuaren zerbitzu juridikoek hiru aste omen daramatzate Poliziak aurkeztutako bost txosten, Guardia Zibilaren hiru eta Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren bana ikertzen.
Hori horrela, apirilaren 6an hauteskunde koalizioa aurkeztu zutenetik, "irizpide juridiko guztiak" aztertu dituzte eta azkenean hautagaitza guztiak inpugnatzea erabaki zuten.
Hautagaitza independenteen inguruan, "C plan bat" direla uste du, eta Bilduren zerrenda aurkezteko adostasunik egon ez den udaletan erabili dutela formula hori.
EAk hauteskunde estrategia ezker abertzalearenarekin uztartu duela ere salatu dute Estatuko Abokatutzaren helegitean.
Froga garrantzitsuenen artean, Estatuaren abokatuak bi azpimarratu ditu. Herri akordioen ingurukoa da bat eta bertan Bildu koalizioa Batasunaren munduak diseinatu eta sortu duela erakusten omen dute, eta hauteskunde zerrendak ANVk 2007an izan zituen emaitzen arabera osatzen direla.
Beste froga kontrolatutako telefonoetan oinarritzen da. Elkarrizketa horietan Batasunaren eta alderdi legalen arteko akordioa dagoela frogatzen omen da.
Inpugnazioan, Estatuaren abokatuak Bilduren hautagaitza guztiak bertan behera uztea eskatzen du eta badaezpadako neurri gisa, herri-errolden txostenak Bilduri ez ematea.
Fiskaltzak bihar inpugnatuko du
Candido Conde Pumpido Estatuaren fiskal nagusiak iragarri du Ministerio Publikoak bihar aurkeztuko dituela inpugnazioak, bi hain zuzen ere. Batean Bilduren zerrenda guztiak inpugnatuko dituzte eta horrez gain "ETAk kutsatutako" 30 hautagaitzaren kontra ere joko dute.