EiTB MARATOIA
''Euskal rock n' roll''
Hemen dugu aurtengo EITB Maratoiaren bideoklipa: BIZI BEDI BIZIPOZA!
EITB
Niko Etxart, Aurora Beltran eta Janus Lester dira protagonistak, elkarrekin bizitzari kantu hunkigarria eginez. Zahartze osasuntsuan arreta jarrita, belaunaldiak batuko dituen elkartasun kanpaina izango da aurtengoa, eta EITB Maratoiak hiru artistak elkartu ditu bideoklip ikusgarria sortzeko.
-
Janus Lester, Niko Exart eta Aurora Beltran
EITB Maratoiak gaur bertan estreinatu du aurtengo bideoklipa, Niko Etxart, Aurora Beltran eta Janus Lester musikariek joan den azaroaren 10ean Elkarren estudioetan grabatutako ekarpen solidario berezia. "Euskal rock n' roll" kantu mitikoaren bertsio ikusgarria sortu dute eta, hala, hirurek jarri diote ahotsa aurtengo soinu-bandari, abestiaren jatorrizko erritmoarekin eta kausara egokitutako letrarekin. Janus Lester gitarra akustikoan eta Aurora Beltran, berriz, elektrikoan. Hori guztia, bizitzari kantu eginaz, belaunaldiak batuko dituen kanpaina ikusgarri baten alde.
Hala, aurtengo EITB Maratoiaren egun handirako hilabete eskas falta dela, kalean dugu jada edizio honetako erronka solidarioaren ardatzetako bat izango den bideoklipa, Nagusilan elkarteko boluntarioen spot-arekin batera.
Helburua, oso erraza: denon artean elkartasunezko twist handi bat dantzatzea, "Euskal rock n' roll" abestiaren erritmoan. Maratoiaren webgunean dantza pausoen proposamena biltzen duen tutoriala dago eskura; eta jada hasi gaitezke gure bideoak igotzen Zure bertsiorik onena atalera.
Aurten aukeratutako kausa zahartze osasuntsua da, Bizi bedi bizipoza! lelopean. Modu osasungarrian zahartzea desafioetako bat dugu gizarte eta osasun mailan; eta, horretarako, ezinbestekoa da zahartzaroaren alorrean ikertzen jarraitzea. Gizartearen transformazioa helburuetako bat izanik, EITBk gu guztion laguntza lortu nahi du.
Abenduaren 18a izango da aurtengo EITB Maratoiaren egun handia; baina, jada, zabalik dago dirua emateko BIZUMa (dohaintza solidarioa: 33478)
Mugi gaitezen prebentzioaren eta ikerketaren alde, zahartze aktibo eta osasuntsu baten alde


