EiTB MARATOIA
Zahartze osasuntsua
14 orduko dantza maratoi batek lagunduta egingo da abenduaren 18an EITB Maratoiaren elkartasun egun handia
EITB
Dantzarako pista bihurtuko dira egunerokoan ohiko ditugun zenbait toki: merkatuak, tren zein autobus geltokiak… Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon izango dira hitzorduak, eta herritar guztiak gonbidatuta daude belaunaldiak batu nahi dituen dantza erraldoi honetan parte hartzera.
-
Aurkezpen ekitaldiko irudia
Abenduaren 18an elkartasun egun handia biziko du 2025eko EITB Maratoiak, zahartze osasuntsuan arreta jarrita. Bizi bedi bizipoza! lelopean, bi helburu izango ditu: ikerketaren garrantziaz sentsibilizatzea eta dirua biltzea*. Nola ez, programazio berezia izango da EITBn, eta zuzeneko konexioak izango dira Bilboko egoitzako dei-gunetik. Bertan 150 aurpegi ezagun baino gehiago egongo dira egunean zehar, deiak hartzen.
Urtero bezala, emozioz betetako jardunaldia izango da; eta aurtengoa, gainera, are biziagoa: EITB Maratoiak 14 orduz etenik gabeko dantza-maratoia egingo du, lau hiriburutan. Adituek azpimarratzen dutenez, dantza oso jarduera eraginkorra da sasoiz luze bizitzeko; eta, horregatik, jendeari irekitako dantza topaketak antolatu ditu EITB Maratoiak egun osoan zehar. Hala, pertsona anonimoek dantzarako pista bihurtuko dituzte gure eguneroko ohiko espazioak.
Iruñean hasiko da dantza maratoia, 09:00etatik 12:00etara, autobus-geltoki berrian; ondoren, 12:00etatik aurrera, Gasteizko Boulevard merkataritza-gunean izango da hitzordua, lau orduko dantzaldiarekin. Donostiak hartuko du lekukoa, 16:00etatik 20:00etara, Garberan. Eta, azkenik, dantza-maratoia Bilbora iritsiko da, San Mameseko geltokira. Bertan 20:00etatik 23:00etara dantzatu ahalko dugu. Hainbat dantza-estiloren erakustaldiak egongo dira eta, batik bat, alaitasuna eta umore ona, dantzak gure osasunarentzat dituen onurak agerian uzteko. Hori guztia streaming bidez emitituko da EITBren YouTube kanalean, eta egunean zehar EITBko hedabideetako programa eta albistegiek zuzeneko konexioak egingo dituzte.
Elkartasun eta dantza hitzordu handia ostiral honetan aurkeztu dute, abenduak 12, EITBren Bilboko egoitzan. Bertan izan dira Isabel Octavio, EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria; Iñaki Gutierrez Ibarluzea, Eusko Jaurlaritzako Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria; Pilar Sorando Fernández, Santa Marina ospitaleko zuzendari medikoa eta zahartzean erreferente; Juan Fernández, BioArabako ikerkuntza koordinatzailea; Joserra Ecenarro, Nagusilaneko presidentea; Víctor Carramiñana, BBK Sasoi elkarteko arduraduna; eta Oier Agirre dantzaria, aurtengo EITB Maratoiko dantza tutorialaren protagonista. Sorpresaren bat ere izan da: Saaki izeneko robota, aurtengo soinu-banda dantzatzen.
Aurkezpen ekitaldiko irudia
¿¿ 14 orduko dantza maratoi batek lagunduta egingo da abenduaren 18an #EITBMaratoia-ren elkartasun egun handia
— EITB (@EITBofiziala) December 12, 2025
Aurkezpena orain izan berri da #Bilbo-n, #EITB-ren egoitzan, sorpresa handi batekin! ¿#eitbmaratoia2025 @eitbtaldea pic.twitter.com/DgHxvkOM1S
Zahartze osasuntsuaren garrantzia eta osasun fisikoa eta mentala mantentzeko eta hobetzeko ikerketen beharra izan dira ekitaldiko muina; eta, hori guztia, ondo bizitako bizialdi luze baten alde. Izan ere, kontua ez da bakarrik urte gehiago bizitzea, urte horiek hobeto bizitzea ere. Beraz, modu osasungarrian zahartzea desafioetako bat dugu, gizarte eta osasun mailan. Horretarako, ezinbestekoa da zahartzaroaren alorrean ikertzen jarraitzea. Gizartearen transformazioa helburuetako bat izanik, EITBk gu guztion laguntza lortu nahi du, belaunaldiak batu nahi dituen ekimen solidario honetan.
Jada ekarpenak egin daitezke BIZUM bidez (dohaintza solidarioa: 33478) eta 900 840 750 doako telefonoan (11:00-22:00). Oraindik ere bideoak bidaltzen jarraitzeko deia egiten die EITB Maratoiak herritarrei, Niko Etxarten "Euskal rock n' roll" dantzatzen.
Mugi gaitezen prebentzioaren eta ikerketaren alde, zahartze aktibo eta osasuntsu baten alde
Zahartze osasuntsuaren ikerketa
Gure Osasun Sistemak zahartze osasuntsuaren esparruko 28 ikerketa-proiektutan eta azterketa klinikotan parte hartu du 2024an. Euskadiko osasun-sistemako profesionalek parte hartzen duten ikerketa-proiektu guztien % 5,5 dira, bi milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.
Ikerketa-proiektu horiek Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuetan eta Biosistemak Osasun Sistemen Ikerketa Institutuan diharduten ikerketa-talde nabarmenek egiten dituzte. Guztira, 36 ikertzaile nagusi ari dira zahartzearen esparruan ikerketak egiten.
EITB Maratoia: 10 milioi eurotik gora, 25 urte hauetan
Gizartearen elkartasunari esker, gaur arte, hamar milioi euro baino gehiago bideratu ahal izan dira 136 ikerketa-proiektu bultzatzeko, hainbat alorretan: minbizia (haurrena, birikatakoa, bularretakoa…), iktusak, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, Alzheimerra, autismoa, adimen ezgaitasuna, buruko gaixotasuna, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak, besteak beste.
* BIOEF fundazioaren bidez bideratzen da bildutako dirua ikerkuntza proiektuetara.
EITB Maratoia 2025


