EiTB MARATOIA
Diru-bilketa
2022ko EITB Maratoiak 718.000 euro bildu ditu esklerosi anizkoitzaren ikerketarako. ESKERRIK ASKO!
EITB Media
Otsailaren bukaera arte egongo da aukera ekarpenak egiteko, EITB Maratoiaren webgunean, kontu korronte bidez eta Bizum bitartez (33478).
-
2022ko EITB Maratoiak jasotako diru kopurua
2022ko EITB Maratoiak 718.000 euro bildu ditu esklerosi anizkoitza ikertzeko. Esklerosi anizkoitza izan da, hain zuzen ere, EITBk bere 23. maratoi solidariorako aukeratu duen gaia, "Geldiezinak gara" lelopean. Euskal gizartearen proiektu solidario bihurtuta, beste behin ere elkartasun egun handia bizi izan du EITB Maratoiak abenduaren 15 honetan. EITBk bere eskerrik beroenak eman nahi dizkie kausa honekin bat egin duten guztiei, egindako ekarpen eta ahaleginagatik.
Abenduaren 15eko elkartasun egun handian zehar dirulaguntzak batzeko ahalegin berezia egin zuten EITBko hedabide guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus). 160 aurpegi ezagun inguruk EITB Maratoiarekin bat egin zuten, eta 900 840 750 doako telefonoa hartzen aritu ziren Bilboko egoitzako Multibox aretoan kokatutako dei-gunean. Telefono zenbaki horretan, eitb.eus-en bidez eta Caixabank, Laboral Kutxa eta Kutxabankeko kontuetan ere jaso ziren ekarpenak. Baita Bizum bitartez ere (33478). Larunbatera arte egon da telefonoa zabalik eta otsailaren bukaera arte egongo da aukera esklerosi anizkoitza ikertzeko ekarpenak egiten jarraitzeko: online, kontu korronte bidez eta Bizum bitartez (33478).
Euskal gizarteak elkartasuna adierazi nahi izan du beste behin ere, eta aurten esklerosi anizkoitzaren aurkako borroka izan da kausa, #BustitzenNaiz komunikazio kanpainarekin. Hala, aste hauetan zehar, EITB Maratoiaren webguneak hainbat eta hainbat bideo jaso ditu, Gatiburen "Euritan Dantzan" abestiaren doinuekin ikerketaren alde bustitzen.
Asko eta askotarikoak izan dira jasotako ekarpenak ere: partikularrak, familiak, enpresak, langileak, elkarteak, erakundeak... Ildo horretatik, Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak, abenduaren 15eko jardunaldiaren amaieran, euskal gizartearen parte hartzea eskertu zuen, eta sentsibilizazio kanpainaren garrantzia azpimarratu zuen.
EITB Maratoia: Gizarte osoari zabaldutako proiektua
EITBk parte hartze aktiboa izan nahi du gizartearen transformazioan, osasun eta ikerketa alorretako erakunde garrantzitsuenekin aliantzan, zerbitzu publiko gisa duen konpromiso eta betebeharrari erantzun eta gizartea gehien kezkatzen duten kausen alboan egotea baita EITB talde publikoaren betebeharra. Euskal gizarte osoari zabaldutako proiektu bezala, herritarren partaidetza zuzena bilatzen du EITB Maratoiak oinarrizko bi ildo nagusi hauen bitartez: batetik, gaixotasunaren ikerkuntzarako bideratuko diren dohaintzak jasoz; bestetik, informazio eta sentsibilizazio kanpainaren bidez.
Kanpaina horretan, EITB Maratoiak aurten ere parte-hartze ekintza berezia jarri du martxan: #BustitzenNaiz. Izan ere, esklerosi anizkoitzak geldiarazi egiten ditu gaitza jasaten duten pertsonak; baina, aurtengo kanpainaren leloak jasotzen duenez, Geldiezinak gara, eta hori erakutsi nahi izan du beste behin EITB Maratoiak. Beraz, erronka berria bota die herritarrei: norbera ere bustitzea esklerosi anizkoitzaren ikerketa sustatzeko, Gatiburen "Euritan dantzan" abestia soinu banda gisa erabiliz. Asko izan dira dei horri erantzun diote pertsonak, eta asko eta asko izan dira aste hauetan jasotako ekarpenak (EITB Maratoiaren webgunean daude ikusgai, Zure bertsiorik onena atalean).
Ohi bezala ikastetxeetako hainbat bideo jaso ditu aurten ere EITB Maratoiak, baita adinekoen egoitzetatik, nola ez; aisialdi eta kultur taldeak, gurasoen elkarteak, dantza taldeak, abesbatzak, musikariak, enpresetako langileak… eta inoiz baino kirol talde eta elkarte gehiago animatu dira erronkara. Herritar anonimo askok ere bat egin dute ekimenarekin, kuadrilla giroan eta familian grabatutako bideoekin. Astez aste eta egunez egun hazten joan da #BustitzenNaiz erronka, eta ekarpenen artean, bereziki, esklerosi anizkoitza duten pertsonenak eta horien elkarteenak: ADEMBI Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea, ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea eta AEMAR Arabako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea. Ikerkuntza bultzatu eta geldiezinak direla erakutsi dute bertan; eta, hain zuzen ere, hori bera aldarrikatu zuten joan den igandean hainbat eta hainbat herritarrek Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egindako #BustitzenNaiz ekitaldi erraldoian, elkarrekin abesten eta elkarrekin bustitzen, esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde.
Amaitzeko, EITB Maratoiaren kanpainarekin bat egin duten erakunde, elkarte eta enpresen laguntza eskertu nahi du EITBk: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Ampo, Arin Innovation, Caixabank, Euskadiko Parke Teknologikoak, Fagor, Irizar, Laboral Kutxa, Metro Bilbao, Mondragon Unibertsitatea, Smurfit Kappa, Versia eta Vital Fundazioa.
Eskerrik asko bihotz-bihotzez guztioi!
Zertan gauzatuko da eskuzabaltasun guzti hori?
Behin diru bilketa itxita, BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du. Proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte, kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz; finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Zientzialariekin, Osakidetzako medikuekin eta Osasun Saileko kideekin batera, gaixoen elkarteetako kideek ere parte hartu ohi dute epaimahai horretan. Hiru urteko iraupena duten proiektuak izan ohi dira, eta Euskadiko ikerketa hainbat zentrok egin ohi dituzte.
EITB Maratoiak 20 urte baino gehiago daramatza euskal gizarteari gehien eragiten dioten gaitzak landu eta hauen ikerkuntza bultzatuz. Euskal gizartearen elkartasunari eta eskuzabaltasunari esker, orain arte bildu diren 6,4 milioi euroak minbizia (haurrena, biriketakoa eta bularrekoa, besteak beste), iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, alzheimerra, autismoa, adimen urritasuna, buruko gaitzak, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak ikertzeko 111 proiektu finantzatzeko erabili dira, besteak beste. Aurreikuspenen arabera, hilabete honen bukaeran jakingo da alzheimerren arloko zein ikerketa proiektuak finantzatzeko bideratuko den 2021eko EITB Maratoian bildutakoa.
BIOEF Berrikuntza Ikerketa Osasuna Eusko Fundazioa Euskadiko sektore publikoaren fundazio bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sortu zuen 2002an.





