Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

EITB Maratoia

Esklerosi anizkoitza landu du 'EITB Maratoia solasean'ek, osasunaren, gizartearen eta ikerketaren ikuspegitik

EITB Media

Abenduaren 15an izango da egun handia, eta Biodonostia Osasun Ikerkuntza Institutuan egindako aurkezpen-solasaldiak hasiera eman dio elkartasun kanpainaren azken txanpari. Jada martxan da dohaintzak egiteko doako telefono zenbakia: 900 840 750.

  • 'EITB Maratoia solasean' ekimenaren irudia

    'EITB Maratoia solasean' ekimenaren irudia

Abenduaren 2an, ostirala, EITB Maratoia solasean mahai-ingurua egin da Gipuzkoako hiriburuko Biodonostia Osasun Ikerkuntza Institutuan, eta esklerosi anizkoitza jorratu dute bertan, osasunaren, gizartearen eta ikerketaren ikuspegitik. Izan ere, esklerosi anizkoitza (EA) da aurtengo EITB Maratoiaren kausa, Geldiezinak gara lelopean. Abenduaren 15ean egingo da ekimen solidarioaren egun handia, eta ostegun honetako aurkezpen-solasaldiak hasiera emango dio elkartasun kanpainaren azken txanpari, gaitzaren inguruan informazio gehiago jaso eta zabaltzeko asmoa izan duen mahai-inguru berezi honekin.

Nerea Urien Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordea eta Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria izan dira bertan. Horiekin batera, ekimenean parte hartu dute honako hauek: Marian Ibarrondo, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria; Alfredo Rodríguez-Antigüedad (Biocruces Bizkaia), Tamara Castillo (Biodonostia) eta Amaia Alvarez de Arcaya (Bioaraba) ikerlariak; eta elkarteen ordezkari gisa esklerosi anizkoitza duen Leire Avellanal, lanbidez medikua. Xabier Madariaga EITBko kazetariak  aurkeztu eta dinamizatu du ekitaldia, eta ekimena streaming bidez jarraitu ahal izan da EITB Maratoiaren webgunean.

EITB Maratoian solasean, Biodonostian

EITB Maratoian solasean, Biodonostian

Nerea Urien sailburuordeak ireki du mahai-ingurua, eta EITB Maratoia bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du. "Euskadin osasunaren arloan ikertzen ari garela erakusten laguntzen dute. Asko eta ondo ikertzen dugu", esan du. EITB Maratoia jendearengana iristen den ekimena dela eta herritarrak ikerketaren garrantziaz eta parte hartzeaz kontzientziatzeko balio duela nabarmendu du. Zentzu honetan, Urienek azpimarratu du Euskadik izen handiko sare bat duela, osasun-ikerketako institutuek osatutakoa, lurralde bakoitzean bana (Biogipuzkoa, Biobizkaia eta Bioaraba). Horiez gain, osasun-zerbitzuetan ikertzen duen beste bat ere badago, Biosistemak; eta guztiak BIOEF Euskadiko Osasun Ikerketa eta Berrikuntzarako Euskal Fundazioak koordinatzen ditu. Kolaborazioaren garrantzia era nabarmendu du bere agerraldian sailburuordeak: "Ikerketaren eta asistentziaren arteko integrazioa funtsezkoa izan da gaur egun esklerosi anizkoitzaren esparruan erreferente izan gaitezen, pazienteen eskutik betiere, horiek baitira gure izateko arrazoia", esan du. Osasun Sailak 50 proiektu eta saiakuntza kliniko inguru ditu esklerosi anizkoitzaren inguruan, eta 850.000 euroko kanpo-finantzaketa.

"EITBtik gizarteari helarazi nahi diogun mezua honako hau da: guztiok elkarrekin, hau da, gizarte osoaren laguntzarekin, esklerosi anizkoitzak ez gaitu geldituko. Geldiezinak garelako", esan du Isabel Octaviok edizio honetako leloari erreferentzia eginez. Azken asteotan EITBn abian jarritako #BustitzenNaiz erronka aipatu du, eta abenduaren 11n Gasteizen izango den hitzordu handia ekarri du gogora, EITB Maratoiak elkartasun uholde batekin bete nahi baitu Andre Maria Zuriaren plaza. "Baina orain, EITB Maratoiaren azken txanpa honetan, gaixotasunaren ertz guztiak ezagutu eta dirua bildu eta emateko garaia da",  nabarmendu du. Izan ere, EITB Maratoiaren elkartasun hitzordu handia iristeko 15 egun baino gutxiago falta diren honetan, EITBko komunikabideek gaixotasunari buruzko informazio eta sentsibilizazio kanpaina abiatu dute, adituen ahotsen, elkarteen eta ikertzaileen testigantzen bidez. "Zerbitzu publikoa garen heinean, gure betebeharra da kausen ondoan egotea eta gizartea gehien kezkatzen duten gaiei arreta jartzea", azpimarratu du EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak.

Hain zuzen ere, eta elkarteen ordezkari gisa, esklerosi anizkoitza duen eta lanbidez medikua den Leire Avellanalek hartu du parte mahai-inguruan. Xabier Madariagaren galderei erantzunez, Avellanalek bere esperientzia kontatu du, tartean gaixotasunarekin nola bizi den. Elkarteen lanaren garrantzia azpimarratu du, besteak beste, eta ikerketari esker asko aurreratu dela azpimarratu du. Hala ere, esklerosi anizkoitza zer den oraindik ere azaldu behar izaten du eta, ildo horretan, EITB Maratoiak gaixotasunari ikusgarritasuna emateko egiten duen lana nabarmendu du.

Esklerosi anizkoitzaren ikuspegi sozialari heldu ondoren, ikerketaren egoera zehatza zein den jakiteko txanda iritsi da, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Bioaraba institutuetako hiru ikertzaileren eskutik.

Alfredo Rodriguez-Antiguedad Neurologia Zerbitzuko burua eta Esklerosi Anizkoitzaren Unitateko koordinatzailea da Gurutzetako ospitalean, baita Biocruces Bizkaia zentroko Neuroinmunologia taldeko arduraduna eta EHUko Medikuntza Fakultateko irakaslea ere. Rodriguez-Antiguedadek solasaldian azaldu duenez, pertsona askoren bizitza aldatu duten sendagaiak aurkitu dituzte orain arte egindako ikerketari esker, eta sendagai berriekin ari dira ikerketa egiten Biocrucesen. Zehazki, bederatzi daude une honetan martxan. Gainera, asistentzia-eredu berriak sortu nahi dituzte, eta "ezkutuko" sintoma medikoei buruzko informazio guztia biltzen saiatzen dira, pazienteen osasun-arreta eta bizi-kalitatea hobetzeko. Doitasunezko medikuntza pertsonalizatuaren arloan ere ari dira lanean, odoleko biomarkatzaile berriak bilatzen, bai eta adimendun txantiloiekin, pazienteen sintomak ezagutzako, eta exoeskeletoekin ere, errehabilitazioa hobetzeko.

Amaya Álvarez de Arcaya, berriz, neurologoa da Arabako Unibertsitate Ospitalean, eta Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuko Neurozientzien arloko ikertzailea. Hitzaldian azaldu duenez, jarduera asistentziala egiten dute nagusiki Arabako ESIan, eta horri ikerketa gehitzen diote. Kasu honetan, pazienteak jarduera fisikoa eta errehabilitazioa banaka egiten jarraitzeko aukera izan dezan tresna egokia garatzeko proiektu baten berri eman du hitzaldian. Bideo labur batzuk dira, pazienteen gaitasunera eta mugetara egokitutako ariketekin, eta zailtasun-maila desberdinekin; eta laster hasiko dira horiek erabiltzen, neurologoak aurreratu duenez. Profesional sanitarioek egindako ariketak dira, eta pazienteek etxean egin ahal izango dituzte, gailu edo material espezifikorik behar izan gabe.

Halaber, Tamara Castillo Biodonostiako ikertzaileak ere Donostiako Osasun Ikerketako Institutuak garatzen dituen proiektuen berri eman du. Biodonostia Institutuko esklerosi anizkoitzaren taldeko zuzendaria da kidea da bera, David Otaegui doktorearekin batera, eta bertan hainbat ikerketa ildo dituztela azaldu du. Hala, eremuetako bat erremielinizazioa da, gaixotasun horretan kaltetzen diren "kableen" konponketa nola sustatu aztertzeko. Beste lerroetako bat sistema immunologikoaren zahartzeari buruzkoa da, Castillok bere hitzaldian azaldu duenez. Gainera, berriki, bete-betean sartu dira mikrobiotaren (hesteetako floraren) eremuan eta hestearen eta garunaren arteko harremanaren azterketan, dietak mikrobiotarengan eta, beraz, esklerosi anizkoitzean izan dezakeen eragina aztertzeko saiakeran.

Mahai-ingurua Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariaren mintzaldiarekin bukatu da. Hain zuzen ere, bildutako dirua proiektu zehatzetan nola bideratuko den azaldu du. Ibarrondok azaldu duenez, behin diru-bilketa itxita, BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du. Horrela, proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte, kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz. Proiektuak finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Epaimahai horretan, zientzialariez, Osakidetzako medikuez eta Osasun Saileko kideez gain, gaixoen elkarteetako  kideek ere parte hartu ohi dute, Ibarrondok azaldu duenez. Hiru urteko iraupena duten proiektuak izan ohi direla eta Euskadiko ikerketa-zentro desberdinek egin ohi dituztela ere azaldu du. "Aurreko deialdietan, elkartasun horri esker, 6,4 milioi euro bideratu dira patologia ezberdinetako 111 ikerketa-proiektuetara. Zehazki, Alzheimerren arloko ikerketa-proiektuak finantzatzeko azken deialdira bideratutakoa 1.104.000 euroko izan ziren, eta aurreikusita dago hilabete honen amaieran ebaztea, finantzatuko ikerketa-proiektu zehatzak ezagutuko ditugunean", esan du.

Dohaintzak egiteko doakoa telefonoa

Jada martxan dago dohaintzak egiteko doako telefonoa: 900 840 750. Abenduaren 1etik 17ra bitartean egongo da zabalik, 11:00etatik 22:00etara (abenduaren 15ean eta 16an ordutegi berezia izango du). Aurten ere badago dirua online emateko aukera eitb.eus/eitbmaratoia gunean, eta baita banku-transferentzia eginda ere. BIZUM bidez dohaintza ere egin daiteke (33478).

Esklerosi anizkoitza, zenbakitan

-Euskadin, 2700 pertsonak daukate Esklerosi Anizkoitza (EA).

-Estatuan, 55.000 dira, eta Europan, aldiz, 1.200.000 pertsonak daukate EA.
-5 minutuan behin Esklerosi Anizkoitzeko gaixo berri bat diagnostikatzen da munduan.

-Gehiago eragiten die emakumeei gizonei baino. Profila: emakume gaztea (25-40 urte). Gaixotasun honekin diagnostikatutako gizon bakoitzeko hiru emakume diagnostikatzen dira. Emakume helduen artean prebalentzia gero eta handiagoa da.

-Gehien agertzen den hirugarren gaixotasun neurodegeneratiboa da, Alzheimerraren eta Parkinsonaren ondoren.

-Trafiko-istripuen ondoren, heldu gazteen artean ezgaitasuna sortzen duen kausa nagusia da.

-Sintomak asko aldatzen dira gaixo batetik bestera eta horregatik esaten zaio "mila aurpegidun gaixotasuna".

-Gaixotasuna hainbat modutan garatzen da (agerraldi bidez edo modu progresiboan).

-Bizitzaren kalitatea mugatu dezakeen gaixotasuna da eta, beraz, eragin pertsonal eta sozial handia dauka.

-Euskadi gaixotasunaren tratamendurako zein ikerketarako leku nagusietako bat da.

-Une honetan, honako hauek dira ikerketaren ardatz nagusiak: kausen azterketa, diagnostiko eta pronostiko goiztiar bat ahalbidetzen duten biomarkagailuak, entsegu klinikoetan dauden sendagai berriak, neuroirudia eta neuroerrehabilitazio eredu berriak teknologia berritzaileekin. Hori guztia gaixoa ardatz duen medizina pertsonalizatua egiteko helburuarekin, nazioarteko abangoardian.