Itxi

Aniztasuna

Aniztasuna

Aniztasuna

Ezkontza homosexuala

Ezkontzetan ere pareko

Mikel Dominguez | EITB Media

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak erabat normalizatuta daude Euskal Herrian, baina ez da beti horrela izan. Hegoaldean, bikote homosexualak 2005etik ezkon daitezke heterosexualak bezalaxe.

  • Ezkontza homosexualen aldeko manifestazio bat Parisen, 2013an.

    Ezkontza homosexualen aldeko manifestazio bat Parisen, 2013an. Argazkia: EFE

Gaur egun, Euskal Herrian, sexu bereko bikoteak heterosexualen legezko babes berarekin ezkon daitezke. Hegoaldean, 2005ean eman zitzaien ezkontzeko aukera bikote homosexualei; Iparraldean, 2013tik da legezkoa. Beraz, emakume bat eta gizon bat zein bi emakume eta bi gizon ezkondu daitezke, baldintza eta ondorio berberekin, eta eskubide berak izango dituzte alarguntasun eta herentzia kasuetan, baita bizilekuari, dibortzioari eta adopzioari dagokienez ere, besteak beste.

Baina hori ez da mundu osoan gertatzen. 31 estatutan bakarrik dute bikote homosexualek ezkontzeko eskubidea, legeei edo erabaki judizialei esker. Gehienak Europan daude, eta gainerakoak, Amerika, eta Ozeania, Hegoafrikako eta Taiwango kasu isolatuez gain. Planetako beste toki batzuetan beste lotura zibil mota batzuk onartzen dira. Herrialde batzuetan, berriz, bikote homosexualek debekatuta dute elkartzea.

Hortaz, munduan 1.200 milioi pertsona, populazioaren seiren bat pasatxo, berdintasunez ezkon daitezke. Txile izan da bikote guztiei ezkontzeko eskubidea aitortu dien azken estatua, iazko abenduaren 9an. Lehenengo zorionekoak Amsterdamgo gizonezko hiru bikote eta emakumezko bikote bat izan ziren. Aurretik, beste herrialde batzuek lotura zibil homosexualak baimentzen zituzten, baina Herbehereak izan ziren ezkontza deitu zioten lehenak, 2001eko apirilean.

Ezkontza LGTBI mugimenduaren aldarrikapen historikoetako bat da. 2001ean, adibidez, Gehitu eta Hegoak gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkarteek mozioak aurkeztu zituzten zenbait udaletan ezkontza legeztatzeko eskatzeko. Horrela mintzatu zen Iñigo Lamarca, gerora Arartekoa izango zena, garai hartan Espainiako Gobernuan zegoen PPri pertsona guztien eskubideak errespetatzeko eskatuz, Konstituzioan oinarrituta.

Gaur egun, erabat normalizatuta dago, baina prozesuak zailtasunak izan zituen. 2004an, Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko hitzaldian, Jose Luis Rodriguez Zapaterok hauteskunde kanpainan emandako hitza beteko zuela aurreratu zuen. Diputatuen Kongresuan gehiengo aurrerakoia izan arren, Kode Zibilaren erreformak ez zuen bide argirik izan, Senatuan gehiengo kontserbadorea zegoelako. Kongresuan onartua, betoa jaso zuen Senatuan. Bertan, Alderdi Popularrak gehiengoa zuen. Hala ere, Kongresuan berretsi egin zuten berriro 2005eko ekainaren 30ean LGTBI aktibisten txaloen artean.

0:30

Azkenik, ezkontzei buruzko Espainiako Kode Zibilean zera gehitu zuten: Ezkontzak betekizun eta ondorio berberak izango ditu ezkongaiak sexu berekoak edo desberdinekoak direnean. Ez zen Konstituzioaren aurkakoa, PP Konstituzio Auzitegiak kontrakoa erabaki zezan saiatu arren.

Senatuko eztabaidan, Talde Popularrak Aquilino Polaino deitu zuen, bere ikuspuntua eskaini zezan. Psikiatra ez zen motz geratu, eta homosexualitatea patologiatzat jo zuen, baita sexu abusuekin lotu ere. Ideia zentzugabe horiek erabat gaindituta zeuden, orduan ere, zientzialarien artean.

PPren oposizio politikoak gizarteko sektore kontserbadoreen jarrera islatzen zuen, batez ere Eliza Katolikoarekin lotuta daudenena. Erreformaren aurkako manifestazio nagusian, Familiaren Espainiako Foroak deituta, Antonio Maria Rouco Varela Gotzainen Biltzarreko presidentea eta PPko hainbat buruzagi izan ziren. Katolikoei kontzientzia objekzioa argudiatzeko eskatu zieten, eta zenbait epailek bikote homosexualak ezkontzeari uko egin zieten. Hala ere, 2009an jurisprudentzia ezarri zuen Auzitegi Gorenak: epaileek ezin dute beren erlijio sinesmenengatik uko egin, lege beraren menpe baitaude.

Gizartea aldatu denaren isla ona da hamarkada eskas batean PP, eta harekin batera Espainiako gizartearen zati bat, igaro dela auzitegietan homosexualen arteko ezkontzak jazartzetik legea erabiltzera eta ezkontzera edota sexu bereko bikoteen ezkontzetara joatera. Horren adibide da Javier Maroto Arabako hiriburuko alkate ohiaren eta bere egungo senarraren arteko ezkontza. Urte gutxi lehenago PPn kontrako jarrera zuzendu zuen Mariano Rajoy bertan egon zen.

2005 baino lehen, zenbait ekitaldi sinboliko egin ziren Euskal Herrian sexu bereko bikoteen artean, baina ezkontzaren legezko baliorik gabe. Emakumeen eta gizonen ausardiazko ekintzak izan ziren, berdintasunezko ezkontzak apur bat hurbildu zituztenak.

2005ean, erreforma onartu ondoren egindako lehenengoa bi gizonen artekoa izan zen; Gasteizen. Beatriz Artolazabal orduko zinegotziak ezkondu zituen bi protagonistak. Ondoren, Begoñak eta Idoiak, urduri samar, emakumeen arteko lehen ezkontza egia bihurtu zuten, Errenterian (Gipuzkoa).

Ipar Euskal Herrian, sexu bereko bikoteak 2013ko maiatzaren 18tik ezkon daitezke, François Hollande orduko Frantziako presidenteak Asanblea Nazionalean onartutako eta Konstituzio Kontseiluak baliozkotutako legea sinatu zuenetik. Testu berean berariaz jasotzen da ezkondutako bikote homosexualek elkarrekin seme-alaba bat adoptatzeko aukera.