Itxi

EITB TALDEA

Abuztuaren 3ra arte

Boiseko Jaialdia 2025: AEBko euskal diasporaren jai handian izango dira EITBko albistegiak

Mikel Reparaz EITBko nazioarteko arlo-buruak, halaber, euskal migratzaileen ondorengoen komunitateekin Mexikon, Montanan, Australian eta Txilen egindako erreportaje sorta landu du.

  • Boiseko Jaialdia 2025

    Boiseko Jaialdia 2025. Argazkia: EITB Media

Euskal diasporak Idahoko Boisen ospatzen duen folklore jaialdi handia bertatik bertara jarraituko dute ETBko albistegiek, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Orain zerbitzu digitalak. Boiseko Jaialdia euskal kulturaren munduko ekitaldi handienetakoa da. Euskal diasporaren topaketa handi hau lehen aldiz 1987an egin zuten, eta azkena 2015ean.

Uztailaren 28tik abuztuaren 3ra bitartean izango da bertan Euskal Telebistako lantaldea: Yerai Diaz, Mikel Reparaz eta Amaia Uribe kazetariak. Abuztuaren 2ko gaueko "Gaur Egun" eta "Teleberri"ren zati bat Boisetik egingo dute. Mikel Reparaz EITBren nazioarteko arlo-burua set batean egongo da gonbidatuekin, eta Yerai Diazek eta Amaia Uribek zuzeneko konexioak egingo dituzte Jaialdiaren espazio ezberdinetatik. Orobat, aste osoan zehar ETB2ko "Quédate" saioak ere adi jarraituko du hitzordua.

Euskal migratzaileen ondorengoekin

Horrez gain, Mikel Reparazek erreportaje sorta berezia prestatu du egun horietarako: euskal migratzaileen ondorengoen komunitateekin izan da Mexiko, Txile, Montana eta Australian, hango komunitateen sustraiak eta egungo egoera aztertzen. 

Radio Euskadin Xabier Madariaga ere izango dute berriemaile eta Euskadi Irratian, aipatutako EITBko bidali bereziek jaialdiaren jarraipena egingo dute egunez egun. 

Jaialdiaren barruan musika-emanaldiak, dantzen eta herri-kirolen erakustaldiak, pilota-txapelketak zein Euskal Herriko historiari buruzko hitzaldiak eta erakusketak egongo dira. Euskal Herritik joandako kultur eta erakundeetako ordezkaritza zabalak parte hartuko du bertan.