EITB TALDEA
Euskal Zinema, Garena
EITBk Zinemaldia babesten jarraituko du, euskal ekoizpenek presentziarik handiena duten urtean
EITB Media
Euskal zinemaren 38 ekoizpenek parte hartuko dute edizio honetan. Horietatik 25 lanek EITBren partaidetza dute. Zinemaldian hiru momentu garrantzitsu izango ditu aurten EITBk: Euskal Zinemaren Gala Handia, EITB Gala eta hitzordu profesionala ikus-entzunezkoen sektorearekin eta industriarekin.
-
Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendaria
EITB eta Donostia Zinemaldiaren arteko babesletza sendotu eta indartzeko hitzarmena berritu dute asteazken honetan Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak, Tabakaleran egin den ekitaldian. Zinemaldiari babesa ematea ez ezik, euskal zinema sustatu eta indartzea da lankidetzaren helburua.
Aurten, euskal zinemaren presentzia historikoa izango da, eta bai EITBren zuzendari nagusiak eta bai Donostia Zinemaldiaren zuzendariak azpimarratu dute euskal zinema une gozoa bizitzen ari dela. 38 euskal ekoizpenek parte hartuko dute edizio honetan: horietatik 25etan EITBk hartu du parte; 18 euskarazkoak dira eta 14, emakume zuzendarien lanak.
Zehatzago esateko, Sail Ofizialean euskarazko hiru lan ditugu, eta hiru-hirurek dute EITBren parte-hartzea: batetik, Maspalomas eta Karmele filmak; bestetik, Zeru Ahoak, ETBn eta PRIMERANen irailaren amaieran ikusiko dugun fikziozko seriea. Historikoa da, halaber, lehenengoz hartuko duela parte Sail Ofizialean euskarazko serie batek, Zeru Ahoakek, alegia.
Euskal Zinemaren Gala Handia ezinbesteko hitzordua izango da euskal eragile guztientzat, irailaren 23an, Victoria Eugenia Antzokian. Aktoreak, zuzendariak, gidoilariak, kameralariak eta talde tekniko eta artistikoak batu eta goraipatzea xede duen ekitaldia Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktoreek aurkeztuko dute. Bertan, EITBren Egile Berriak Saria jasoko du Sara Fantovak, Jone batzuetan bere lehenengo lanak izan duen arrakasta gailentzeko. Hirugarrenez banatuko du EITBk egile berrien talentua nabarmentzeko sortutako saria. Nobedade gisa, aurtengo ediziotik aurrera, Iñigo Aristegui artista donostiarrak sortutako eskulturak sarien hauen ikur izango dira.
Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia, Vanesa Fernandez EITBren Euskara eta Kultura zuzendaria, Iñigo Aristegui eskultorea eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendaria
Euskal Zinemaren Galan, halaber, beste lau sari hauek banatuko dira: GIDOI + SGAE Euskal Herriko Gidoigile Onenaren Saria Borja Cobeagak jasoko du, Los aitas filmaren gidoiagatik; Miren Gaztañagak jasoko du EAB Bultzada Saria, interpretazio lana aintzatesteko eta bultzatzeko saria, bere aktore ibilbidearengatik; EZAE Saria Arantxa Etxebarriaren La infiltrada filmarentzat izango da, Euskadin inoizko euskal produkzio arrakastatsuenagatik, eta Zinemira Saria Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek jasoko dute. Zinemaldiak eta EPE-IBAIAk (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Independenteen Elkartea) urtero ematen dute sari hori, euskal zinema-inguruko pertsona garrantzitsu baten ibilbidea aitortzeko.
Horrez gain, edizio honetako EITB Galak aurrestreinaldi handi bat eta musika dakar, zuzenean, irailaren 21ean, Belodromoan. Ikus-entzunezko esperientzia paregabea izango da Gipuzkoa Heganen estreinaldia: pantaila erraldoian proiektatutako da, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean arituko diren Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eta Goikobalu abesbatzaren zuzeneko musikak girotuta, eta Olatz Salvador arituko da.
Azkenik, Telebistak eta plataformak gure zinemaren eragile gisa izenburupean, irailaren 22an, EITBren eskutik eta euskal ikus-entzunezko sektorearekin egingo den jardunaldi profesionala egingo da. Urtero, Espainiako telebista publiko zein pribatu eta streaming plataformarik handienen hitzordua da.

