EITB TALDEA
Euskal zinema
'Maspalomas' euskal film sarituaren estreinaldi handia, PRIMERANen, urtarrilaren 22an
EITB
Euskal zinemak lehentasunezko lekua dauka EITBren PRIMERAN doako streaming plataforman, eta ostegun honetan Moriartitarren pelikularekin indartuko du eskaintza.
-
'Maspalomas' pelikularen estreinaldia, PRIMERAN plataforman
Oihartzun eta aitortza garrantzitsuekin dator Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako Maspalomas filma. Besteak beste, Donostia Zinemaldian Zilarrezko Maskorra egokitu zitzaion Jose Ramon Soroiz aktore nagusiari. Halaber, EITBren parte-hartzea duen pelikulak bederatzi izendapen jaso ditu otsailaren 28an izango diren Goya sarietarako: film onenarena (Ander Barinaga-Rementeria Arano, Ander Sagardoy Múgica, Fernando Larrondo eta Xabier Berzosa), zuzendaritzarena (Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi), gizonezko aktore nagusiarena (Jose Ramon Soroiz), bigarren mailako gizonezko aktore onenarena (Kandido Uranga), gidoiarena (Jose Mari Goenaga), arte zuzendaritzarena (Mikel Serrano), argazki zuzendaritzarena (Javier Aguirre Erauso), musika originalarena (Aranzazu Calleja) eta makilaje-ileapaindegiarena (Karmele Soler eta Sergio Pérez Berbel).
Nazioartean lortutako entzutearen ildotik, Palm Springs, Les Arcs eta BFI London Film Festival jaialdi ezagunetan parte hartu du filmak, besteak beste. Halaber, Europako Zinema Akademiaren (EFA) sarietarako fikziozko aurre-hautagaien zerrendan aukeratutako Espainiako Estatuko sei filmen artean dago.
Orobat, EGEDAk antolatutako Jose Maria Forque Sari Zinematografikoen 31. edizioan lau izendapen lortu zituen: film onenarena, aktore onenarena, zinema eta balioetan hezteko sariarena eta interpretazio onenarena. Azken hori Jose Ramon Soroizek irabazi zuen.
Bestalde, larunbat honetan, urtarrilak 24, Feroz Sarien 13. edizioa izango da, Espainiako Informatzaile Zinematografikoen Elkarteak emana, Pontevedran, eta Maspalomas zazpi sari irabazteko hautagai izango da: film dramatiko onenarena, zuzendaritza onenarena, gizonezko aktore protagonista onenarena, antzeztaldeko gizonezko aktore onenarena, gidoi onenaren Feroz DAMA Saria, jatorrizko musika onenarena eta trailer onenarena.
Ostegun honetatik aurrera PRIMERANen ikusgai egongo den Maspalomas filmak Vicente 76 urteko gizona du protagonista. Bikotekidearekin hautsi ondoren, Vicente gustuko duen bizimodua egiten hasi da Maspalomasen: eguzkia, parranda eta gozamena dira bere eguneroko jardunak. Baina istripu batek Donostiara itzultzera behartuko du, eta, han, aspaldi abandonatu zuen alabarekin elkartu beharko da. Vicentek zahar-etxe batean bizi beharko du, eta bertan armairura itzultzera bultzatuko du egoerak, eta bere buruaren alde bat ezkutatu beharko du.

