EITB TALDEA
24. Korrika
Lankidetza-hitzarmena berritu dute EITBk eta Korrikak
EITB
Euskara gara lelopean datorren Korrikari hedabide guztietan jarraipen eta babesa eskainiko dio EITBk, egunero, martxoaren 19tik 29ra bitartean. Halaber, 24 orduko etengabeko emanaldiak leihoa izango du EITBn eta kanal berezi bat ETB ON plataforman, zuzeneko emozio guztia jasotzeko.
-
Hitzarmeneko partehartzaileen argazkia
Korrikaren inoizko parte hartzerik handiena eta ikusiena izateko asmoz indarrak batu eta lankidetza-hitzarmena berritu dute ostiral honetan, otsailaren 13an, EITBk eta AEK-k.
Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak eta Ane Elordi Korrika arduradunak izenpetu dute ituna. Korrika indartu, ikusarazi eta parte hartzea bultzatzea izango da hitzarmenaren helburua. Bi aldeek lankidetzaren garrantzia azpimarratu dute. Aurkezpenean parte hartu dute, orobat, Isabel Octavio ETBko zuzendariak, Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak eta Lurdes Etxezarreta AEKren Nazio Kontseiluko kideak.
Atharratzen martxoaren 19an abian jarriko den unetik, eta Bilbora martxoaren 29ra iristen denera arte, EITBk jarraipen zabala egingo dio Korrikari medio eta plataforma guztietan: ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, ORAIN, EITBko sareak, eitb.eus eta YouTuben, baina batez ere ETB ON plataforma berrian.
Edizio honetan, berebat, Korrikari 24 orduz EITBk zabaldutako leihoari irismen handiagoa emango zaio. ETB ON plataforman kanal berezia zabalduko zaio Korrikari, zuzenekoaren emozio guztia etengabe bertan jasotzeko. Orain bi urte emaitza ikusgarriak utzi zituen emanaldi jarraiak: 1.700.000 ikustalditik gora 11 egunetan. Aurten, seinale horri are eta leiho handiagoa zabaldu nahi izan dio EITBk. Horrekin batera, irudiaren errealizazioan ere hobekuntzak izango dira eta, besteak beste, egunero lasterketaren dron irudi ikusgarriak eskainiko dira.
Halaber, sinadura ekitaldian iragarri dute Korrikaren Bilboko aurkezpen soziala EITBk hartuko duela lehenengo aldiz. Martxoaren 12an, Bilboko Multibox aretoa euskal gizarte eta kultur eragileen biltoki izatea "plazera" izango dela aitortu du EITBk.

