EITB TALDEA
24 Korrika
Gazteak Korrikarekin egingo du bat, gaur, Donostian
EITB
Gazteako zazpi esatarik eramango dute lekukoa 1669. kilometroan, Herrera auzo parean, 09:28an. Gainera, "Dida!" saio berezia egingo dute 10:00etatik 13:00ak arte Bulebarretik, eta lasterketaren ekuatorea zuzenean biziko dute Korrikaren furgonetatik, 11:30ak inguruan, Amara auzo parean.
-
DIDA saio berezia
Gaztea irratia buru belarri murgilduko da asteazken honetan Korrikan. Izan ere, Gazteako zazpi esatarik eramango dute EITBk aurtengo Korrikan egingo duen bigarren kilometroaren lekukoa: Pasai Antxotik Donostiara bidean (Pasaiako Portuko zeharbidea, 141), Herrera auzo parean, 1669. kilometroa osatuko dute Antton Telleria, Sara Alonso, Ainhoa Vitoria, Jon Fernandez, Malen Altuna, Berezi Fernandez eta Naia Makazagak, 09:28an.
Asteazken goizean hasi eta eguerdira bitartean ibiliko da 24. Korrika Donostian, eta, hori dela-eta, Gazteak "Dida!" irratsaio berezia egingo du hiri erdigunetik. 10:00etan hasi eta 13:00ak bitartean, Bulebarrean izango dira Julen Telleria, Jon Gotzon Aldaparena, Irati Elizalde eta Antton Telleria.
Saioak iraun bitartean, Korrikak goizean zehar utzitakoaren errepasoa egin eta gonbidatuak hartuko dituzte irratiko set berezian. Gainera, Gazteako esatariek lasterketaren une ederrenetako bat bertatik bertara bizitzeko aukera izango dute: ekuatorearen (lasterketaren erdia) festa zuzenean kontatuko digu Antton Telleriak Korrikako furgonetatik 11:30ak bueltan, Amara auzo parean.

