Itxi

EITB TALDEA

Gaztearen 30. urteurrena

Gazteak kamioi ibiltaria kalera aterako du inauteriak ospatzeko

EiTB

Gasteizera, Donostiara eta Tolosara egingo du txango musikaz eta Gaztea giroaz mozorro jaiak kutsatzeko.

  • Xabi Solano eta bere taldea Gaztearen kamioi ibiltarian emanaldia eskaintzen

    Gazteako kamioi ibiltaria inauterietan ibiliko da. Argazkia: Gaztea.

Gazteak kamioi ibiltaria izango du aurten eta inauterietara eramango festa musikaz girotzeko. Lehen geldialdia Gasteizen egingo dute larunbatean (otsailaren 22an). DJ Davilarekin hasiko da festa 20:30ean eta ondoren, 22:00etatik aurrera, ETS taldeak girotuko du jaia. 

Igandean, berriz, Donostiarako bidea egingo du Gaztearen kamioiak. Gipuzkoako hiriburuan, Xabi Solanoren kontura izango da kontzertua 19:00etatik aurrera. Jarraian, DJ saioa eskainiko da Boulevarden barrena Oihan Vegarekin.

Astelehenean, berriz, Tolosako inauterietan parte hartuko du kamioi ibiltariak. Goizean hasita, DJ Txurruk ipiniko du musika kamioitik. Bazkalostean, Oihan Vegak hartuko dio erreleboa 15:00etan. Azkenik, Yogurina Borovak ikuskizuna eskainiko du Triangelu plazan.

Estudiotik kanpo ez ezik, Gaztea irratian ere behar den moduan ospatuko dituzte inauteriak. Batetik, ostiralean "Dida"ko lantaldeak festa bikaina antolatu du 07:00etatik 11:00etara goiza girotzeko. Zamundako printzearen familiaz jantzita, sorpresa eman diete entzuleei. Bestetik, larunbatean, Oihan Vegak eta Oizeder Mayok "Top Gaztea" zerrendaren errepasoari ukitu berezia emango diote. Hitzordua 11:00etatik 13:00etara izango da.

Gaztearen 30. urteurrena

Gaztearen 30. urteurreneneko urtea da 2020 eta ekimen eta ekitaldi bereziak antolatzen ari dira. Orobat, Gure kontu da Gaztearen urteurreneko leloa. "Aurten musika, festa, kontzertuak? dena Gure kontu izango da, 30 urte ez baitira egunero betetzen". Horixe da, hain zuzen ere, Gaztearen asmoa: urtean zehar ospatuko diren ekitaldietara Gaztea zaleak gonbidatzea. Ekimen horien guztien berri apurka apurka emango du irratiak.

20.000 jarraitzailetik gora Instagramen

Bestalde, marka garrantzitsua ondu du Gazteak aurten. Dagoeneko Instagramen 20.000 jarraitzaileen langa gainditu du, lehen euskal hedabidea da marka hori lortzen.

Instagram, Facebook eta Twitterren egotearekin batera, Tik Tok joerako sare sozialean ere topa daiteke Gaztea. Kanal berria du Tik Tok-en, eta @gaztea_irratia kontua jarraituz musika bideo bikainak eta ondo pasatzeko edukiak topatu daitezke.