EITB TALDEA
EiTB Maratoia
EiTB Maratoia, nerbio sistemako minbiziaren aurkako tratamendu proiektu baten atzean
EiTB
CIC bioGUNE euskal zentroak zuzendu du ikerketa proiektua.
-
EiTB Maratoiak diruz lagundutako proiektua.Irudia: EiTB
CIC bioGUNE euskal zentroa buru duen ikerketa batek nerbio-sistema oso oldarkorreko minbizia tratatzeko bideak ireki ditu, haurrei zein helduei eragiten dien minbizia tratatzeko bideak, hain zuzen ere. Beste erakunde batzuen artean, EiTB Maratoia ekimen solidarioak finantzatutako proiektuetako bat da. EiTBren egitasmo horrek ikerketa medikora bideratutako dirua biltzen du urtero, eta Osasun Sailaren Bioef Osakidetzan ikerketa eta berrikuntza sustatzeko eta kudeatzeko fundazioaren bidez bideratzen du.
Ikerketa honen buru CIC bioGUNEko Ikerbasqueko ikertzailea den Ashwin Woodhoo doktorea da. Ikerketa Journal of Clinical Investigation aldizkarian argitaratu da. Proteina bat (HuR/ELAVL1) giltzarri gisa identifikatzen du nerbio periferikoen zorroko tumore gaiztoak sagu eredu esperimentaletan hazteko. Emaitzen arabera, proteina hori sarkoma horri eraso egiteko diana terapeutikoa izan daiteke, ikerketa zentroak astearte honetan jakitera eman duenez.
Periferiako nerbioen zorroko tumore gaizto horiek sarkoma oso oldarkorrak dira, potentzial metastasiko handia dute, oro har biriketarantz, eta haurrei zein helduei eragiten diete. Pazienteek joera handia dute berriz gaixotzeko tumore-erresekzioaren ondoren, kimioterapiari eta irradiazioari erantzun eskasa ematen diete, eta horrek hilkortasun handia dakar.
Orain arte egindako saiakuntza klinikoek emaitza etsigarriak izan zituzten seinaleztapen-bide desberdinetara zuzenduta. "HuR proteina inhibitzeak estrategia erakargarria irudikatzen du MPNST bidezko diana terapeutiko bideragarri baterantz", azaldu du Ashwin Woodhook.
Ikerlana Woodhook, Ikerbasque ikertzaile eta CIC bioGUNEko Nerbioi Trastornoen Laborategiko arduradunak, diseinatu eta zuzendu du, Marta Varela Reyrekin (CIC bioGUNE-Ciberehd) batera. Lana, nagusiki, bere taldeko ikertzaileek egin dute, Marta Palomo Irigoyen, Encarni Perez Andres eta Marta Iruarrizaga Lejarreta kasu, eta Espainiako, AEBetako, Erresuma Batuko, Suitzako, Italiako eta Luxenburgoko beste ikertzaile batzuen parte-hartzea ekarri du.
Emaitza horiek, EiTB Maratoiaz gainera, Minbiziaren Aurkako Ikerketarako Espainiako Elkartearen (AECC) finantzaketaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren, BBVA Fundazioaren eta Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) babesa izan du.

