EITB TALDEA
Kazetaritza eta Komunikazioa
Rikardo Arregi Kazetaritza sarien banaketa ekitaldia, ostiral honetan, zuzenean, ETB4n eta eitb.eus-en.
EITB Media
Euskadi Irratiko "Faktoria", "Barruan gaude" podcasta eta Urtzi Urrutikoetxea kazetaria finalisten artean daude. Andoaingo Bastero Kulturgunean egingo da ekitaldian, 19:00etatik aurrera.
-
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien irudia.
Ostiral honetan, azaroak 19, Rikardo Arregi Kazetaritza sarien banaketa ekitaldia zuzenean eskainiko dute ETB4k eta eitb.eus-ek. Andoaingo Bastero Kulturgunean izango da, 19:00etatik aurrera.
Finalisten artean, kazetaritzaren atalean, Euskadi Irratian Zaballako espetxetik egindako "Faktoria" irratsaioa dago; eta Komunikazioaren sailean, berriz, Oier Aranzabalen "Barruan gaude" EITBPodkasten entzungai dagoen podcasta. Halaber, Urtzi Urrutikoetxea ETBko kazetaria ere hautagaien artean dago Berria-n idazten duen Leku-lekutan atalarengatik.
Kazetaritza sailean, halaber, Beñat Zaldua (Gara egunkariko Nola iritsi gara honaino lanarengatik), eta Berria egunkarian argitaratutako Ahomenetan elkarrizketa seriea dira beste finalistak. Komunikazio sarirako hautagaiak, berriz, Oier Aranzabalez gainera, "Basilika" podcast-a, 3000twitz kolektiboa eta Pantailak Euskaraz egitasmoa dira.
Atal bakoitzeko garaileak 9.000 euro eskuratuko ditu.
Aurtengo ekitaldian, gainera, Martin Ugalde gogoan izango dute, bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. Bere lana aitortu eta eskertzeko baliatuko dute sari banaketa.
Epaimahaia
Sariketarako finalistak izendatzeaz arduratu den epaimahaia ondorengoek osatzen dute: Itxaro Borda eta Aingeru Epaltza idazleak, Maite Goñi eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko HUEZIko irakasle eta komunikazioan adituak, Elixabete Larrinaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea eta Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea. Mahaiburua Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna den Alexander Huitzi izan da, eta Arantza Aguado Udaleko euskara teknikaria, berriz, idazkaria.

