EITB TALDEA
Eitb Nahieran
Eitb Nahieran, urtebete sarean
Erredakzioa
EITB
Atariak urtebeteko ibilbidean bildutako datuak oso onak izan dira: 3.550.000 ikustaldi (10.000 egunero), 2.500.000 bisita eta 1.025.000 erabiltzaile bakar.
-
Eitb Nahieran
Eitb Nahieranek, eitb.com-en baitan dagoen ikus-entzunezko atari nagusiak, urtebete egin du. Euskal Irrati Telebistako edukiak eskueran jarri ditu plataforma indartsu honek, erabiltzaileak nonahi, noiznahi eta nahi duen gailua erabiliz telebistako zein irratiko edukiak jaso ahal izateko. Hartara, gainera, euskal ikus-entzunezko edukien atari handiena bilakatu da, euskara, euskal kultura eta, nola ez, Euskadiren irudia ere munduan barrena zabaltzeko aukera eskaintzen baitu plataformak.
Eitb Nahieran atariak urtebetean bildutako datuak oso onak izan dira: 3.550.000 ikustaldi (10.000 egunero), 2.500.000 bisita eta 1.025.000 erabiltzaile bakar. Gaur egun, hilero, 100.000 erabiltzaile bakarren muga gainditzen ari da. Eduki kontsumituenak, bestalde, "El Conquis", "Escépticos", "Goenkale" eta "Amazings" izan dira. Aipatzekoa da, "Amazings" eitb nahieranen eskaini dela soilik.
Erabiltzaileen % 86 gaztelaniazko ataritik sartzen da, eta % 14, euskarazkotik. Sare sozialetatik jasotako bisita kopurua ere nabarmen handitu da. Facebook da sare sozialik erabiliena, Twitter-en aurretik.
Bi alor jorratu ditu plataformak urtebete honetan. Alde batetik,, Azken 7 egunak atalean, zazpi egun horietan emititutako eduki guztiak ikusi ahal dira (EITBk horien eskubideak dituen kasuetan). Bestetik, EITB artxiboa atalak 30 urteko historian EITBk gai baten inguruan sortutako eduki esanguratsuenak biltzen ditu: "Emakumearen eguna", "Mikel Laboa gogoratuz", "Gipuzkoako Bertsolari txapelketa", "Bi eta bat", "Gernikako bonbardaketaren 75. Urtemuga", "Aupa Athletic!"...
Bilatzaile indartsu baten bidez, bertan dauden eduki guztiak ikus daitezke: dokumentalak, saio mitikoak, telesail kuttunenak... guztia, nahieran.
Irratietako programazio osoa nahieran udazkenetik aurrera
Euskal Telebista ez ezik, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea eta Radio Vitoria irratietako programazio osoa ere nahieran izango dira datorren udazkenetik aurrera. Saio guztiak cue points eta cue frames deritzenak izango dituen erreproduzigailu berriarekin dokumentatuta eta zehaztuta egongo dira. Halaber, irratsaio guztien podcast-a, audioak beste plataforma batzuetan txertatzeko (embed) eta irratsaioak jaisteko aukera emango ditu Irratia Nahieran berrituak.
Urtebeteko ibilbidean, bestalde, Eitb Nahieranek hainbat sari eta aitorpen jaso ditu: Interneteko Argia saria eta Indianan (AEB) emandako Horizon Interactive nazioarteko saria, besteak beste.
Etorkizunari begira, bi dira atariak dituen erronka nagusiak: euskara eta euskal kulturarekin lotuta, zenbait eduki deskargatu eta berrerabili ahal izateko formulazio juridikoa garatzea, bata, eta Euskal Eremu Publiko Digitala sortzea, bestea. Horrek euskarazko edukiak sortzen edo kudeatzen dituzten erakunde publikoen parte-hartze aktiboa eskatuko du.

