Itxi

EITB TALDEA

Audientziak

Audientzietan ere distira egin du Jai Alai Winter Series zesta punta finalak

EITB Media

Igandeko partida liderra izan zen bere ordu tartean % 14,1eko audientzia-zatiarekin, 2022an lortutakoaren hirukoitza. Euskaldunen artean % 30,1era iritsi da igande honetako finala. Zestalari Onena saria banatu zuen beste behin EITBk.

  • Winter Series sari banaketa

    Winter Series sari banaketa

EITBk zuzenean eskaini zuen atzo Jai Alai Winter Series zesta punta txapelketako final handia, Gernika-Lumotik, eta audientzia ikusgarria lortu zuen emanaldiak. Hala, Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Lekerika puntisten arteko norgehiagokak datu bikainak lortu zituen: liderra izan zen bere ordu tartean % 14,1eko audientzia-zatiarekin (2022an lortutakoaren hirukoitza); eta ikus-entzule euskaldunen artean % 30,1era iritsi zen.

Zesta-punta txapelketaren bigarren edizioak markak hautsi ditu: Gernika-Lumoko Jai Alai katedrala jendez lepo egon da astelehenero, eta telebistako emankizunek ere harrera bikaina izan dute.

Ikusmin handia egon da Gernikako final handiaren aurreran, eta emanaldiak ez du hutsik egin: Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek osatutako bikotea Winter Serieseko txapelduna da, Xabier Barandika eta Unai Lekerika hiru setetan mendean hartuta (15-8, 9-15, 5-4). Beaskoetxea beteranoaren azken txapelketa izan da, gainera.

EITBren erakusleihotik jarraitu ahal izan da partida zuzen-zuzenean, ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus-en. Gainera, gaur gauean berriz ere final ikusteko aukera izango da, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en; eta nonahi eta noiznahi EITB Nahieran aplikazioan.

Zestalari Onena saria

Gainera, Imanol Lopez Zumaiako puntistak EITBk emandako Zestalari Onena Saria jaso zuen atzo Joseba Urkiola EITB Mediako Kiroletako zuzendariaren eskutik.

Imanol Lopez eta Joseba Urkiola

Imanol Lopez eta Joseba Urkiola

Women Winter Series, otsailaren 27tik aurrera

Zesta-puntak Euskal Herrian hasitako ziklo berriaren bultzatzaile eta aliatu bilakatu da EITB Taldea. Nola Gernika-Lumon hala EITBn, astelehen gauak eliteko zesta puntaren gau bilakatu dira aste hauetan, eta horrela izaten jarraituko du, ikuskizunak segida izango baitu hilaren 27an abian jarriko den txapelketa berriarekin: Women Winter Series, oraingoan Durangotik.