Itxi

EITB TALDEA

Kirolak

Euskal traineruen lehen mailako ligak, zuzenean, EITBko hedabideetan

EITB Media

ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango ditugu zuzenean Euskotren eta Eusko Label ligetako proba guztiak, baita Donostiako Bandera ere. Aurtengo nobedadea da traineru bakoitzak kamera txiki bat eramango duela, ikusle bakoitzak bere faboritoa jarraitzeko.

  • Euskal traineruen lehen mailako ligak, zuzenean, EITBko hedabideetan

    Euskal traineruen lehen mailako ligak, zuzenean, EITBko hedabideetan. EITB Media

Larunbatean jarriko dira abian Coruñan euskal traineruen lehen mailako bi ligak, Euskotren (emakumeak) eta Eusko Label (gizonak), eta EITB ikus-entzunezko taldeko hedabideak horren lekuko izango dira. Bi liga nagusietako estropada guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus-en, baita Donostiako Bandera ere. 

Telebista eta Internet bidezko emanaldiak urtez urte hobetzea du helburu EITBk, kirol honen esentzia ikus-entzuleei gerturatzeko. Aurtengo berrikuntza nagusia da traineru bakoitzak kamera txiki bat eramango duela: hau da, orain arte bost kamera ezartzen ziren eta aurten 16 jarriko dira, talde bakoitzeko bat. Hala, ikus-entzuleek beren talde faboritoa jarraitzeko aukera izango dute. Emanaldia osotasunean ikusteaz gain, bakoitzak bere esperientzia bizi ahal izango du. 

Halaber, duela zenbait urte AZTIrekin hasitako elkarlanari esker, arraun emanaldi bakoitzean datu interesgarriak eskainiko zaizkio ikus-entzuleari: hala nola itsasoaren egoerari eta nabigaziorako dauden baldintzei buruzkoak. Horrekin batera, naturaren irudi ikusgarriak erakutsiko dituzte. 

Mikel Olazabal, Eritz Hernandez eta Ibon Gaztañazpi

Mikel Olazabal, Eritz Hernandez eta Ibon Gaztañazpi

Kontakizunaren arduradunak Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Eritz Hernandez izango dira ETBn, Manu Maritxalar eta Patxi Egurrola Euskadi Irratian, eta Alberto Negro, Asier Kareaga eta Imanol Cascante Radio Euskadin. 

Traineru estropaden egutegia 

Coruñako Bandera izango da abiapuntua asteburu honetan (uztailak 1 eta 2), eta hurrengoan Fabrika Bandera jokatuko da Donostian (hilak 8) eta Petronor Bandera Zierbenan (hilak 9). 

Beste sei estropada eskainiko dira uztailean: Bilboko Bandera (15), Orioko Kanpina Bandera (16), Sestaoko Bandera (22), Castro Urdialesen jokatuko den CaixaBank Bandera (23), Getxoko Ikurrina (29) eta Santurtziko Ikurrina (30). 

Abuztuan zazpi bandera jokatuko dira: Hondarribiko Bandera (5), Lekeitioko Ikurrina (6), Moañako Bandera (12), Boiroko Bandera (13), Zarauzko Ikurrina (19-20), Ondarroako Bandera (26) eta Getariako Ikurrina (27). 

Iraileko lehen bi igandeetan (3 eta 10) Donostiako Bandera izango da ikusgai, eta aurretik, sailkatze estropada ere bai (abuztuak 30 eta 31). 

Bermeoko Ikurrinak (irailaren 16an) eta El Corte Inglés Banderak (irailaren 17an) itxiko dute denboraldia. Egun horietan jokatuko dira play-offak ere.