22:08

Donostia

Luizia

Hiru teknikari eta bi enpresa auzipetuta, Mikel Arzaken heriotzagatik

Agentziak | Erredakzioa

Akusatuei homizidio arduragabea leporatzen dien aztertuko du Gipuzkoako Auzitegiak. Halaber, hilabete batzuk lehenago beste harri-jausi bat egon zela gogoratu du.

  • Donostiako Pasealeku Berrian izandako luizia. Artxiboko argazkia: EiTB

    Donostiako Pasealeku Berrian izandako luizia. Artxiboko argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Donostiako Udaleko Hiri Azpiegituren zuzendaria, bi teknikari eta Pasealeku Berriko mendiko luiziaren ondorioz lanean ari ziren bi enpresaren arduradunak auzipetu ditu Donostiako Instrukzioko Epaitegiak, Mikel Arzak gaztearen heriotzaren ikerketaren baitan. 20 urte zituela hil zen, harri-jausi batek azpian harrapatuta.

Ebazpen honen bidez, Fiskaltzak eta prozesu judizial honetako aldeek aurretiazko izapideak abiaraziko dituzte, ahozko epaiketa, kasuaren artxibatzea edo izapide osagarriak egitea eskatzeko.

Ministerio Publikoak, akusazio partikularrak (Mikel Arzaken familia) eta bost auzipetuen defentsek txosten bana idatzi beharko dute orain behin-behineko ondorioak jasota.

Donostiako epaitegiak hartutako erabakiaren aurka helegitea jartzeko aukera dago.

2013ko abuztuaren 7an hil zen Mikel Arzak, Urgull menditik Donostiako Pasealeku Berrira eroritako arroka batek harrapatuta. Gertatutakoaren nondik norakoak ikertzen dituen epaileak jakinarazi duenez, akusatuei homizidio arduragabea leporatzen dien aztertuko du.

Epaileak gogoratu duenez, ezbeharra gertatu baino egun batzuk lehenago beste luizi bat izan zen Donostiako Pasealeku Berrian, baina ez zuen biktimarik utzi. Zehazki, sei metro inguruko harri-jausia egon zen Gipuzkoako argazkilari elkarteak duen egoitzaren ondoan.

Donostiako Udalak txosten bat egitea agindu zuen gertatutakoaren nondik norakoak ikertzeko. Hortaz, Udalak luizien arriskuez ohartarazten zuen txostena bazuela azpimarratu du Gipuzkoako Auzitegiak. Gainera, euriaren ondorioz harri-jausi gehiago izango zirela zekien Donostiako Udalak.

Mikel Arzak hil ostean, Donostiako Udalak beste txosten bat eskatu zuen, eta Urgull mendiko luizia euriak eragin zuela ondorioztatu zuten bertan.

Ildo horretatik, ezbeharraren zergatiei erreparatu beharrean Donostiako Udalak zergatik ez zuen neurririk hartu argitu behar dela azpimarratu du Gipuzkoako Auzitegiak. Gainera, hilabete batzuk lehenago Pasealeku Berrian beste harri-jausi bat egon zela baina teknikariek ez zutela neurririk hartu gaineratu du.

Iruzkinak