Itxi

Gasteizko jaiak

Gasteizen

Blusen eta Nesken Batzordea eta Bilgune feminista, aurrez aurre

T.S.J. | EITB.EUS

Emakume bati ustez egindako irain sexista batzuen harira, mugimendu feministak boikot egin dio Jatorrak kuadrillari, eta horren aurka manifestatu dira Gasteizko neskak.

1:14

Emakume bati ustez botatako irain sexista batzuen harira, kolektibo feministek Jatorrak kuadrillari egindako boikotaren aurka azaldu dira igande arratsalde honetan Gasteizko neskak. Hori dela eta, kalejira-protesta egin dute Gasteizen, Blusen eta Nesken Batzordeak deituta.

Ika-mika azken egunotan bolo-bolo dabil Gasteizen. Auzia joan den asteartean hasi zen, Gasteiz.hoy webguneak jaso duenez. Elkarte feministaren telefonoaren bitartez, Jatorrak kuadrillaren hainbat kideren partetik irain sexistak jaso izana salatu zuen emakumezko batek. Orduan, Arabako Bilgune Feministak protokoloa aktibatu zuen, eta kide horien kanporatzea eskatu zuen.

Hurrengo egunean Nesken eta Blusen Batzordea eta kolektibo feminista bildu ziren, eta Batzordeak irain horiengatik barkamena eskatu bazuen ere, irainak "mespretxagarriak" izan ez zirela azpimarratu zuen.

Desadostasunak direla medio, hurrengo egunean, elkarte feministak Jatorrak kuadrillaren zezenplarainoko paseoa oztopatu zuen. Aurpegi estalita zutela, mugimendu horretako hainbat kidek kuadrillari aurre egin zioten, baina kuadrillakoek ez zuten erantzun, eta ez zen ezer gertatu.

Gauzak horrela, eta azken ekintza hori arbuiatzeko asmoz, Blusen eta Nesken Batzordeak kalejira-protesta deitu du igande arratsalde honetarako. Hori dela eta, Gasteizko neskek elkarretaratzea egin dute, "Ez gaituzte defenditzen, iraintzen baizik. Eraso sexistarik ez" lelopean.

Gainera, Batzorde horrek azpimarratu duenez, "sexu-eraso guztiak errefusatzen ditugu, baina erasoak sentitu gara Arabako Bilgune Feministaren hainbat kideren partetik".

Bestalde, Bilgune Feministak iragarri duenez, bihar prentsaurrekoa emango du azalpenak eman eta euren ikuspuntua azaltzeko.