Herriak eta Hiriak
Gasteizen eta Araban
Erretretak abiatu du San Prudentzio eguneko jaia
EITB.EUS
Danbor-hotsak, barraskilo eta perretxiko dastaketak eta Armentiako erromeriak gasteiztar eta arabarrak deituko ditu, urtero bezala, egunaz gozatzeko. Hotz handia egingo du, hasieran.
Erretretak hasiera eman dio Gasteizen eta Araba osoan San Prudentzio eguneko jaiari, arabarren egun handiari.
20:00etan, Espainia plazan, San Prudentzio eguneko erretreta jo dute udaletxeko balkoitik, eta Udalaren Folklore Akademiak ere parte hartu du. Ordubete geroago, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko tronpetari eta atabalariek Aldundiaren jauregiko balkoian San Prudentzio eguneko erretreta eskaini dute.
SANPRUDENTZIOETAKO DANBORRADA, 23:30etik 02:30 arte, gastronomia elkarteak Probintzia plazan bildu dira, eta, ondoren, Erdi Aroko hirigunean eta erdialdeko kaleetan desfilea egin dute.
EiTBk Gasteizko San Prudentzio jaietako ekitaldiak eskainiko ditu, eta egun handiaren bezperan egingo diren erretreta eta danborrada zuzenean eman ditu. Emanaldia zuzenean jarraitu ahal izan da ETB1en eta eitb.eus-en, Imanol Artolaren kontakizunarekin.
Ostiralean, erromeria tradizionalak ARMENTIAra eramango du jaia. Eguna basilikaren kanpoko aldean egiten den prozesioarekin hasiko da, 11:00etan; gero, meza; eta, ondoren, 12:00etan, ohorezko aurreskua egingo dute elizkizunak amaitzerakoan. Arabako Dantzarien Biltzarrak eta Eguzkilore dantza taldeak emanaldia eskainiko dute 12:00etan, eta 12:30ean, herri kirolek kaleak hartuko dituzte. Amaitzeko, Akerbeltz musika taldearen kontzertua, 18:00etan, Armentiako zelaietan.
Arabako hiriburuan, danbor-hotsak entzungo dira kaleetan zehar. Lehenengo orduan, 09:00etan, Arabako Foru Aldundiko txistulari eta tronpetarien bandaren eskutik, "Araba" zortzikoa entzungo da Probintzia plazan; eguerdian, "Biznietos de Celedón" kuadrillaren danborrada; eta, arratsaldean, 18:00etan, haurren danborrada.
Urtero bezala, ez dira faltako barraskilo eta perretxikoen ohiko zaporea.
Hotza eta euri gutxi
Euskalmeten iragarpenaren arabera, Probintzia plazako danborraden erretretak errespetatuko ditu eguraldiak, ateri eutsiko baitio goizaldean. Hori bai, hotza egingo du, eta termometroak 0 ºC-raino jaitsiko dira. Egunean zehar, iparraldetik joko du haizeak, eta horrek itsasotik hodeiak eramango ditu barnealdera. Hori horrela, egunaren erdiko orduetan zirimiria egin dezake. Azken orduetan, ordea, ez da prezipitaziorik espero. Tenperaturak eguerdian epelduko du, eta beroenak 13-14 ºC-koak izango dira.