Itxi

Herriak eta Hiriak

San Fermin jaiak

Sanferminetako webgune berri bat, 'Denak balio du' topikoarekin hausteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Foru Gobernuak webgune berri bat jarri dute abian, sanferminei lotutako eduki guztiak biltzeko.

  • Entzierroei buruzko informazioa ere eskuratu ahal izango da webgune berrian.

    Entzierroei buruzko informazioa ere eskuratu ahal izango da webgune berrian. Argazkia: EFE

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Foru Gobernuak San Fermin jaiei lotutako webgune, aplikazio eta sare sozial kontu berriak aurkeztu dituzte gaur, sanferminei lotutako eduki guztiak biltzeko eta "denak balio du" topikoarekin hausteko.

Aipaturiko bi erakundeen izenean, Maitena Ezkutari Nafarroako Gobernuko Turismo zuzendariak eta Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotziak aurkeztu dituzte gaur webgunea (lau hizkuntzatan: gazteleraz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez), Facebook, Twitter eta Youtube sare sozialetako kontuak eta eskuko telefonorako aplikazioa.

Webgune berriak hainbat gune izango ditu eta, besteak beste, 2017ko sanferminetako egitarau osoa eta kolektiboek antolatutako ekitaldien egitaraua kontsultatu ahal izango da.

Horrez gain, jaiari buruzko hainbat informazio egongo da eskura: sanferminen jatorria, santuaren figura, txupinazoa, entzierroak, prozesioak, dianak, Gaixoa ni, La Pamplonesa, Erraldoien eta buruhandien konpartsa, Hemingway eta peñak, etab.

Eduki dinamikoei dagokienez, Albisteak eta Prentsa Aretoa izeneko bi atal egongo dira. Albisteen atalean, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren komunikatuek eta jaiari lotutako erreportaje eta kronikek izango dute tokia. Prentsa Aretoan, berriz, jaietako kartela, sanferminetako oinarrizko gida, hiriko mapa edota sexu erasoen kontrako protokoloa eskuratu ahal izango dute bisitariek.

Bestalde, beste atal batzuetan informazio praktikoa bildu dute, hala nola, entzierroko arauak, Iruñera heltzeko gomendioak eta aparkalekuei edota garraio publikoari buruzko informazioa.