Itxi

Herriak eta Hiriak

Ekainak 23

Judimendin eta Lakua-Arriagan izango dira Gasteizko San Joan bezperako suak

EITB.EUS

Auzook jaietan daude egunotan, eta suez gain, hainbat ekitaldi izango dira, denon gozagai.

  • San Joan sua. Argazkia: Alberto Andreu

    Emakume bat, San Joan suaz gozatzen. Argazkia: Alberto Andreu

Urteko gaurik laburrena da gaurkoa. San Joan bezperako suez gozatzeko asmoa duten gasteiztarrek bi lekuren artean aukeratu ahalko dute: Judimendi edota Lakua-Arriaga. Bi auzoetan San Joan jaiak ospatzen dituzte, eta ohiko suez gain, hamaika ekitaldi antolatu dituzte.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak piztuko du gaueko lehen sua: Lakua-Arriaga auzoko Julian Arrese landetan egingo dutena, alegia. 20:30ean da hitzordua. Aurretik, meza eta aurreskua izango dira, eta garrei begira, txorizo muturrak dastatzeko aukera izango da, auzoko jatetxe baten eskutik. Judimendin, 22:00etan bilduko dira suaren bueltan, Sutaustegi Zaharreko plazan. Dantza giroan emango diote ongietorria suari, 21:00etan Jare dantza taldeak udako solstizioa ospatuko baitu kalejira batekin eta joaldunekin.

Jaia ez da, dena den, sua itzaltzearekin amaituko. Dantzan jarraitu nahi dutenek gerorako antolatu diren berbenak hartu ahal dituzte aitzakia gisa: Judimendin Tximeleta taldea arituko da, eta Lakua-Arriagan, Joselu Anaiak. Kontzertu hasi baino lehen, umeak izango dira protagonista, aparraren festa baitago iragarrita (21:00).

Bestelakoa da RunningFiz taldeak eta La Blanca Atletismo Klubak gaurko gauerako proposatutakoa: San Joan Gaueko III lasterketa. Herri lasterketa San Prudentzio kaletik abiatuko da eta bost kilometro egingo ditu hiriburuko kaleetan barrena. Lasterketako kamiseta ofiziala (laranja fluoreszente kolorekoa) eramateko eskatu diete korrikalariei "marea laranja" batek Gasteiz har dezan.

Judimendin gaurko antolatutako ekitaldiak

Egun osoan zehar prezio herrikoiak barraketan

17:00h: Gargantua. Judimendiko parkea

18:00h: Txokolatada. Judimendiko parkea

18:00h: Hiri baratza: Bionekazaritzaren eskutik. Judimendiko parkea

21:00h: Udako solstizioa: JARE dantza taldea. Sefarad plaza. Ondoren, auzoko joaldunen kalejira

22:00h: San Juan sua. Judimendiko parkea

22:30h: Berbena: Tximeleta. Sefarad plaza

Lakua-Arriagan gaurko antolatutako ekitaldiak

17:00-22:00h: Artisau-lanen azoka

16:00-18:00h: Level akademiak umeak gonbidatzen ditu ingelesez jolastera. Gonbidapena Level akademian jaso behar da

16:30-18:00h: Eskulanak Mirian liburu dendan.

18:00h: Dantzaldia Sandino talderen eskutik Lakua-Arriagako adinekoentzako zentro soziokulturalean

19:00-21:00h: Trikitilariak auzoan

19:00h: Lakua tabernako haurren piñata

19:30-21:00h: Beriba Samba Eskolak kalejira egingo du

19:30-20:30h: Buruhandiak Alfonso XI.ren bigarren plazan

20:00h: Juanitoren jaitsiera Alfonso XI.ren lehenengo plazan, Grupo Arte Galega gaita jotzaileen taldeak girotua

20:30h: Sagardoa dastatzea eta dantzak Asturiasko Zentroaren Covadonga de Vitoria gaita taldearekin

20:30h: Sua piztea Julian Arreseko zelaian eta txorizo dastaketa, Andaluziako zentroaren Seneca jatetxeak eskainia

21:00h: Apar festa

23:00-03:00h :Kontzertua Joselu Anaiak taldearekin