Itxi

telebista

2017ko sanferminak

Pilota partidak eta 'Gaixoa ni', aste honetan ETBn eta eitb.eus-en

EITB

Iruñeko jaien jarraipen berezia egingo du EiTBk, eta egunero entzierroen berri emango dute EiTB Taldeko irratietan.

Euskal Irrati Telebista San Fermin jaien jarraipen zabala egiten ari da. Hasteko, entzierroak zuzenean ematen dituzte egunero EiTBko irratiek, eta, horrez gainera, astean zehar, zuzeneko konexioak eta saio bereziak eskainiko dira telebista zein irratietako hainbat saiotan.

Pilota partidak

Egunotan binakako eta erremonteko San Fermin torneoak ari dira jokatzen Iruñean, eta partida nagusiak ETBn eta eitb.eus-en zuzenean ikusi ahal izango ditugu. Asteartean eta asteazkenean, uztailaren 11n eta 12an, binakako partidak emango dira, 22:15etik aurrera, eta finala, berriz, ostiralean, hilaren 14an, izango da ikusgai, 17:35ean hasita.

Erremonteko torneoaren finala, Uharteko pilotalekuan jokatuko da asteartean, uztailaren 11n, eta ETB4n izango da ikusgai, 17:30etik aurrera.

Gaixoa ni

Ostiralean, uztailaren 14an, San Fermin festei amaiera emango dien 'Gaixoa ni' ekitaldia ere zuzenean eskainiko dute ETBk eta eitb.eus-ek. 23:45ean hasiko da Udaletxe plazan egin ohi den egitarauko azken ekitaldia, eta Aitor Perezek eta Ainhoa Irazustak gidatuko dute emanaldia.

'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek eta ETB2ko 'Ahora Verano' saioak ere gertutik jarraituko dituzte jaiak egunero.

Sanferminak EiTBko irratietan

EiTB Taldeko irratiek ere egunero ematen dute Iruñean gertatzen ari denaren berri. Eguneko emankizunik garrantzitsuena entzierroen zuzeneko kontakizuna da. Euskadi Irratirako, Eli Eraso, Aritz Agirre eta Iñaki Elorza aritzen dira, eta Radio Euskadi eta Radio Vitoriarako, Satur Leoz eta Mikel Donazar. Gainera, La Pamplonesa bandaren dianak egunero ematen ditu Euskadi Irratiak zuzen-zuzenean goizean goizetik.

Horretaz gain, irratietako magazine guztietan konexio zabalak egiten dituzte festak irauten duen egun guztietan Iruñean bertan ariko diren lankideekin, bertako giroaren berri emateko.

Atari berezia eitb.eus-en

EiTBren web atarian Sanferminetako emanaldi guztiak zuzenean jarraitu daitezke. Halaber, Iruñeko jaietako albiste, argazki eta bideo guztiak eskuragai izango ditugu bertan, noiznahi eta nonahi kontsultatzeko moduan.

Nahieran

Egunotan emandako saio bereziak EiTB Nahieran atarian daude berriz ikusi nahi izatera. Horietako bat uztailaren 6an jaiei hasiera eman zien Txupinazoa da.