Herriak eta Hiriak
Jaien azken ekitaldia
'Gaixoa ni' abestuta, 2018ko sanferminei begira jarri dira iruindarrak
Agentziak | Erredakzioa
Gauerdian, 9 egun iraun duen festaren ostean eta ohi bezala, 'Gaixo ni' ekitaldiak eman die amaiera 2017ko sanferminei.
Urtero legez, 'Gaixoa ni' ekitaldi jendetsuak eman die amaiera bart gauerdian 2017ko sanferminei. Jaietako azken ekitaldi ofizialean, kandelak eskuetan hartuta agurtu dituzte jaiak iruindarrek eta bisitariek.
Uztailaren 6an 9 egun iraun duten jaiei hasiera emateko asmoz egin zuten moduan, milaka pertsona bildu dira Udaletxe plazan jaiei agur esateko. Peñek handik gertu dagoen Gaztelu plazan izan dute hitzordua, beren agur-ekitaldia egiteko.
Gaueko hamabietan, Joseba Asiron Iruñeko alkatea udaletxeko balkoira atera da, eta "Gaixoa ni, gaixoa ni?" eta "1 de enero, 2 de febrero, 3 de marzo..." abestu ditu. Horrela hasi da 2018ko sanferminetarako atzerako kontaketa.
Joseba Asironek 2017ko sanferminen balantzea positiboa dela adierazi du gaur. Jaietako alde negatiboa eraso sexistak izan direla esan du, eta Iruñeko Udalak horiek borrokatzen jarraituko duela azpimarratu du Asironek.