Herriak eta Hiriak
Andre Maria Zuria 2017
Gasteizko txupinazora beirarik ez eramateko eskatu du Zeledonek ere
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jaitsiera egunean, abuztuaren 4an, eramango dituen aterkia eta zahatoa hiriko alkatearen eskutik jaso ondoren egin du eskaria Gasteizko jaietako pertsonaia nagusiak.
Gasteizko jaietan Zeledon hezurmamitzen duen Gorka Ortiz de Urbina gasteiztarrak bat egin du txupinazoaren egunean Andre Maria Zuriaren plazara beirazko botilarik ez sartzeko Udalak egin duen deiarekin.
Jaitsiera egunean, abuztuaren 4an, eramango dituen aterkia eta zahatoa gaur goizean hiriko alkatearen eskutik jaso ondoren egin du eskaria Gasteizko jaietako pertsonaia nagusiak. Aurten, gainera, Zeledonen lehen jaitsieraren 60. urteurrena beteko da.
"Hilaren 4a guztiok ospatu behar dugun eguna da, eta uste dut urte hauetan guztietan jende askori izorratu zaizkiola jaiak jaitsiera egunean izan dituen ebakiengatik", adierazi du Zeledonek. Izan ere, urtero, batez beste, 90 lagun artatu behar izaten dituzte larrialdi zerbitzuetako langileek, ebakiak egin dituztelako.
Horrez gain, plazan beirarik ez badago, Zeledonentzat berarentzat ere seguruagoa izango da jaitsieraren ostean egiten duen ibilalditxoa. "Positiboa da beirarik gabe egitea, aurten abarketak konpontzera eraman behar izan baititut, iaz abarketako batek ebaki bat izan zuelako", esan du.
Gorka Urtaran alkateak, bere aldetik, Zeledon errespetatzeko eta hari laguntzeko eskatu die gasteiztarrei.
Azkenik, alkateak gogorarazi du debekatuta egongo dela plazara beira sartzea, eta Udalak 10 kontrolgune jarriko ditu, udaltzainek eta boluntarioek plazara beirarik sartzen ez dela berma dezaten.
berma dezaten.