Herriak eta Hiriak
Andre Maria Zuriaren jaiak
Neska eta blusa beteranoek jai giroan jarraitzen dute Gasteizko festetan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Goizean goiz, ohikoa denez, blusa eta neska ugari bildu dira Andre Maria Zuriaren omenezko elizkizunean eta lore-eskaintzan parte hartzeko.
Neska eta blusa beteranoak ari dira gaur jai giroa jartzen amaitzear dauden Gasteizko festetan.
Atzo txikienen eguna izan ondoren, gaur neska eta blusa beteranoen txanda da, eta horiek dira gaurko eguneko protagonista nagusiak.
Gasteizko kaleetan nabari da dagoeneko lau jaiegun igaro direla ostiralean Zeledon San Migel elizako dorretik jaitsi zenetik.
Erdigunetik gaur jende gutxiago ikusten den arren eta eguraldi gris samarrak askorik laguntzen ez badu ere, beteranoenak jai giroa berotzen ari dira.
Goizean goiz, ohikoa denez, blusa eta neska ugari bildu dira Andre Maria Zuriaren omenezko elizkizunean eta lore-eskaintzan parte hartzeko.
Ondoren, batzuek kalejiran parte hartu dute, beste batzuek hamaiketakoari ekin diote, eta hiriko hainbat gunetan umeentzat egin diren ikuskizunak ikustera lobak eraman dituenik ere bada.
Bihar izango da Gasteizko jaietako azken eguna, ostegun goizaldean agurtuko baitute Zeledon datorren urtera arte.