Herriak eta Hiriak
Gasteizko Jaiak 2017
Neska Txiki eta Zeledon Txiki, Gasteizko jaietako protagonista
eitb.eus
Arabako hiriburuko Andre Maria Zuriaren jaiek umeen eguna ospatu dute astelehenean.
Milaka gasteiztar bertaratu dira astelehen honetan Gasteizko Plaza Berrira Neska Txikiren eta Zeledon Txikiren jaitsiera ikustera. Eguerdian gurasoen eta gainerako senideen laguntza zuten umez betetako plazak hartu du bi panpinen etorrera.
Ondoren, Amaia Ramiro eta Erlantz Zabalza izan dira Neska Txiki eta Zeledon Txiki hezurmamitu dituzten umeak. Amaia (9 urte) eta Erlantz (13 urte) Basatiak eta Txinpartak taldeetako kideak dira, hurrenez hurren.
Neska Txikik eta Zeledon Txikik jaiez gozatzera eta "ondo portatzera" gonbidatu dituzte ekitaldia ikustera bertaratu direnak, eta arin-arin bat dantzatu dute ondoren.
Aipatu ekitaldia Arabako hiriburua ospatzen ari den Andre Maria Zuriaren jaietako umeen eguneko ekitaldi nagusia da. Udaleko ordezkaritza bat izan dira bertan, Gorka Urtaran alkatea buru.
Abuztuaren 4tik 9ra
Ohitura onei jarraipena emanez, abuztuaren 4arekin batera, San Migel elizako kanpandorretik Andre Maria Zuriaren plazara jaitsi zen Zeledon bere aterki ezagunarekin Gasteizko 2017ko jaiei hasiera emateko. Horrenbestez, 60. urtez bete du Zalduondoko baserritarrak bere tradizioarekin.