Itxi

Herriak eta Hiriak

Milagrosa auzoan

Kalamu elkarte bat itxi dute Iruñean adingabeei droga saltzeagatik

Agentziak | Erredakzioa

Hiru pertsona atxilotu dituzte, tartean elkarteko presidentea.

Espainiako Poliziak Iruñeko kalamu elkarte bat itxi du elkartekoak ez ziren pertsonei eta adingabeei droga saltzeagatik.

Poliziak ohar batean azaldu duenez, hiru pertsona, tartean elkarteko presidentea, atxilotu dituzte eta droga trafikoa egotzi diete. Beste bi pertsona (elkarteko idazkaria eta diruzaina) ikerketapean jarri dituzte.

Milagrosa auzoan atzemandako marihuana eta haxix kopuruak "nabarmen" igo zela ikusita, ikerketa abiatu zuen Espainiako Poliziak. Zaragoza etorbideko lokal bati susmo txarra hartu zion. Gerora jakin denez, elkarteak kide ez zien pertsonei saltzen zien droga, "elkarteko estatutuetan ezarritakoaren kontra".

Gutxienez bost adin txikikori marihuana eta haxixa saldu zietela egiaztatu dute agenteek.

Poliziaren arabera, elkartea "droga supermerkatua" zen, eta egunero "50 pertsona baino gehiago joaten ziren droga erostera".

Elkartea miatu zutenean, kideak ez ziren pertsonei droga saltzen harrapatu zituzten elkarteko langileak. Kilo erdi haxix eta 1.300 gramo marihuana atzeman zituzten, gainera.

Halaber, espedientea zabaldu diote elkarteari, Tabakoaren aurkako Legea urratzeagatik, lokalaren barruan jendea erretzen zegoelako.

Era berean, lan arloko ikerketa jarri dute abian beharginek kontraturik ez zutelako. Gainera, horietako bat Estatutik kanporatzeko agindua zegoen indarrean.