Herriak eta Hiriak
Epaia
Kartzela zigorra, Basaurin emakume bat hainbat aldiz hiltzen saiatzeagatik
Agentziak | Erredakzioa
Emakumeari egurrezko borra batez eta labana batez eraso zion, itotzen saiatu zen, eta oilaskoa zatitzeko sardexka bat hartu zuen eta lokian sartu zion.
8 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Bizkaiko Auzitegiak gizon bati, Basaurin emakume bat hainbat aldiz eta modu ezberdinetan hiltzen saiatzeagatik. Emakumeak aurre egin zion, eta gizonak ez zuen lortu hura hiltzea.
Gaur zabaldutako epaian jasotakoaren arabera, 2016ko maiatzaren 3an, akusatua emakumearen etxera joan zen, Basaurira, eta biak etxeko gela batean zeudela, "argitu gabe dauden arrazoiak direla eta", gizonak egurrezko borra batez jo zion, "hiltzeko asmoz". Ondoren, labana batez eraso zion, itotzen saiatu zen, eta oilaskoa zatitzeko sardexka bat hartu zuen eta lokian sartu zion.
Emakumeak goizeko ordu biak arte pairatu zituen erasoak, beste pertsona bat (gizonaren emaztea) heldu zen arte, alegia. Polizia zetorrela pentsatuta, emakumea hiltzen saiatu zen berriro, baina ez zuen lortu, eta ihes egin zuen.
Emakumea Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta 39 egun eman zituen bertan.
Akusatua 2016ko maiatzaren 5ean atxilotu zuten. Epaiketan errudun jo zuen bere burua, eta zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra onartu zuen.
______________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.