Gizartea -

Indarkeria matxista

Emakume bat ospitalean, lagun batek eraso egin ostean, Basaurin

Erasotzailea biktimaren etxera joan zen, eta labana batez eta egurrezko borra batez eraso zion.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, emakume bati Basaurin, biktimaren etxebizitzan, eraso egitea egotzita. Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez, erasoa asteazken goizaldean jazo zen, emakumeak Berriotxoan duen etxebizitzan.

Telefono-dei baten bidez jakin zuen Ertzaintzak emakume bat zaurituta zegoela, eta burua odoletan zuela eta beso batean kontusioak zituela aurkitu zuen biktima bertara joan zen patruilak. Emakumeak agenteei kontatu zienaren arabera, lagun zuen gizonezko batek eraso zion, labana batez eta egurrezko borra batez, eta, ondoren, ihes egin zuela esan zien.

Gertatutakoa ikertzeko eta ustezko erasotzailea topatzeko ikerketa abiatu zuen orduan Ertzaintzak. Atzo goizean bertan aurkitu zuten, Bilboko etxebizitza batean. Besteak beste, droga atzeman zioten.

Biktimak kontatutakoari eta ikertutakoari esker argitu du Ertzaintzak asteazken goizaldean Basauriko etxebizitza horretan gertatutakoa. Erasotzailea astearte arratsaldean joan zen biktimaren etxera, eta elkarrekin eztabaidan hasi ondoren, gizonak eraso egin zion.

Gaur bertan eramango dute atxilotua epailearen aurrera.

______________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauriko bideoak Ertzaintza Indarkeria matxista gaur Zer gertatu da Bizkaian? Gizartea albisteak Albisteak