Itxi

Herriak eta Hiriak

Iruzurra

Emakume bati 9.000 euro iruzurra egiten saiatu dira Gasteizen

Agentziak | Erredakzio

Iruzurgileek ez zuten euren helburua lortu, bankuko langile batek emakumeari lagundu baitzion.

Gasteizen, 83 urteko emakume bati 9.000 euroko iruzurra egiten saiatu ziren bi gizon joan den asteazkenean. Loteria sarituaren iruzurra erabili zuten horretarako, baina iruzurgileek ez zuten beren helburua lortu, bankuko langile batek emakumeari lagundu baitzion.

Udaltzainek ostegun honetan jakinarazi dutenez, biktimak salaketa jarri zuen asteazken arratsaldean, goizean bertan jasotako iruzur saiakeragatik; antza, emakume bat hurbildu zitzaion agureak ezagutzen ez zuen helbide baten norabideagatik galdetzeko.

Iruzurgileak ONCE zozketaren sei txartel erakutsi zizkion etaesan zion helbide horretara joan behar zuela horiek kobratzera, sarituak baitzeuden.

Ohiko loteria sarituaren iruzurra

Hortik aurrera, ohiko jokabidea erabili zuten iruzurgileek maula egiteko: itxura oneko pertsona batek biktimari esaten dio txartelak saria dutela.

Ondoren, iruzurgile biak biktimari txartelak diru kopuru batengatik saltzen saiatzen dira.

Kasu honetan, biktimaren etxeraino joan ziren iruzurgileak bankuko aurrezki-libretaren bila.

Jarraian, biktimarekin banku-bulego batera joan ziren dirua ateratzera, txartelak ordaintzeko, baina kopuru handia izanda ez zieten diru hori eman, eta beste bulego batera joatea erabaki zuten. Hala ere, bulegoko lankideek gainerako bulegoei deitu zieten gertatu litekeenaren nondik norakoak azaltzeko.

Azkenik, emakumeak dirua ateratzea lortu zuen; hala ere, bankuko lankide batek kanpora ateratzen lagundu zion; baina, ordurako, iruzurgileak alde eginak ziren.