14:22

Herriak eta Hiriak

San Sebastian Eguna

5.000 haurren danbor-hotsek Donostiako kaleak alaitu dituzte

EITB.EUS

Eguraldia lagun, Donostiako erdialdeko kaleetan barna desfilea egin dute umeek, emozioz eta pozez beteta. 24:00ak arte iraungo du jaiak oraindik Gipuzkoako hiriburuan.

2:03
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Gaur, urtarrilak 20, haur danborradan parte hartu duten neska-mutikoak dira Donostiako izar nagusiak. Eguraldia lagun, ia 5.000 neska eta mutil ibili dira danborra joaz Donostiako erdialdeko kaleetan.

12:00etan ekin diote jaiari, San Sebastian martxa eta Zortziko martxa zaharra joaz Udaletxe aurrean, Danbor Nagusiaren zuzendaritzapean. Ondoren, desfilea egin dute hiriko kale nagusietan.

Desfileak 42 ikastetxe eta elkartetako 4.995 ume bildu ditu. 49 konpainia guztira, 7 ikastetxek edo elkartek bina konpainia izan baitituzte. Auzoetan, gainera, beste 3. 015 ume ibiliko dira.

Danbor Nagusia Ibai Ikastolako Ane Atxotegi Butron 11 urteko neskatoa da. Jenerala eta Laguntzailea, berriz, San Patricio ingeles ikastetxeko Yongche Che Kume-Kangkolo Maldonado 11 urteko mutikoa, eta adin bereko Iago Piñeiro Sevilla . Guztiak pozarren agertu dira gaurko festa handian duten paperarekin.

Alkate andrearen pertsonaia izan da aurtengo berrikuntza nagusia. Easo Ederraren karrozan joango da XIX mende hasierako pertsonaiekin batera: batelera eta arrantzalea, Donostiako herritar bat, inudea eta artzaina, irulea eta merkataria eta urketaria eta mandazaina.

2018 honetan, Donostiako auzoetan jotzen duten danborradei bi Haur Danborrada berri gehituko zaizkie: Amara Berriko auzoan Danborrada Amaratarra Armerien plazako agertokian arituko da gaur, 18:00etan; eta Gros auzoan, berriz, Afede Lagunen Danborrada ikusteko aukera izango zen atzo, 18:00etan.

Urrezko Danborra Richard Oriberi

12:30ean, Richard Oribe igerilari donostiarrak Urrezko Danborra jaso du Eneko Goia alkatearen eskutik. Igerilari paralinpiko donostiarrak bere lorpenengatik eta Donostiaren irudia munduan zabaltzeagatik jaso du hiriko garaikur nagusia.

Aurten, lehen aldiz, bozketa egin da saritua aukeratzeko eta donostiarrek Richard Oribe aukeratu dute.

Bandera jaitsiera

Ospakizunei amaiera emateko, Donostiako alkateak, Eneko Goiak, bandera jaitsiko du gaur gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborrariek San Sebastian Martxa joko dute azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko.

Union Artesana elkarteak 1957. urteaz geroztik berak bakarrik hartu du parte ekitaldi honetan, baina aurten festa nagusiaren une hunkigarri honetan parte hartzeko izena eman duten danborrada bakoitzeko ordezkari batekin joko dute.

Zuzenean ikusi ahal izango da jaiaren amaiera 23:45etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.

 

Iruzkinak

  • Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena