Itxi

Herriak eta Hiriak

GASTEIZ

Gasteizek Zulueta jauregia ardoaren zentro bihurtzeko izapideei ekin die

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Udaleko zerbitzu teknikoak lanean dihardu datozen asteetan hori lehiaketara ateratzeko oinarriak zehazten.

  • Zulueta jauregia. Argazkia: Gasteizko Udala

    Zulueta jauregia. Argazkia: Gasteizko Udala

Zulueta Jauregia Arabako Errioxako ardoaren zentro bihurtzeko proiektuaren azalpen-memoria tramitera onartzearen alde egin du Gobernu Batzarrak. Araex Rioja Alavesa SL sozietateak aurkeztu du agiria, eta Arabako Errioxako ardoen inguruko jarduerei buruzko proiektu bat abiarazi eta garatzeko asmoz. Hurrengo urratsa espazio hori kudeatzeko arduraduna lehiaketa publiko baten bidez aukeratzea izango da.

Onarpenaren atzean aldeko bi txosten daude: Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailarena eta Hirigintza Sailarena. Horietan komenigarri jotzen dute ardoaren zentro bat garatzea Arabako Errioxako ardoa bertoko produktu bezala nabarmentzeko, upategiak eta ostalaritza babesteko, eta, aldi berean, hiria promozionatu eta Gasteizen turismoa eta ekonomia sustatzen laguntzeko.

Bestalde, Hirigintza Sailak baieztatu du azalpen-memorian Zulueta jauregirako proposatzen dituen erabilerak bateragarriak direla Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean definitutakoekin, eta egokiak direla hirigintzaren ikuspuntutik.

Lehen urrats hori egin ostean, Udaleko zerbitzu teknikoak lanean dihardu eraikinean garatu beharreko proiektua idazten, datozen asteetan hori lehiaketara ateratzeko oinarriak zehazten, hain zuzen.

Zulueta jauregia

Bi solairu, sotoa, gune estalia eta negutegia ditu, eta bertan egingo dira Arabako Errioxako ardoaren zentroak bultzatuko dituen jarduerak.

Zulueta jauregia Europako hiriburutza berdearen egoitza nagusia izan zen 2012an, baina 2015etik hona ez dute ezertarako erabiltzen. Osorik babestutako eraikina da; beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena bere horretan mantendu beharra dago.