Itxi

Herriak eta Hiriak

Animalien tratu txarrak

Txakurrei kalte egiteko prestatutako jakiak aurkitu dituzte Santutxun

agentziak | erredakzioa

Orain hilabete aurkitu zituzten lehenengoz auzokoek barruan ezkutatuta bizarra egiteko xaflak dituzten jakiak eta uste dute kalteak sortzea dela asmoa.

“Patrulla Canina Bilbao” taldeak jakitera eman duenez, barruan bizarra egiteko xaflak ezkutatuta zituzten jakiak aurkitu dituzte Santutxuko bizilagunek Haro plazan. Auzoko txakurrei kalte egiteko asmoz zabaldu dituztela uste dute.

Bizilagunen arabera, duela hilabete hasi ziren horrelakoak aurkitzen, astean birritan, eta parke horretatik paseoan ibiltzen diren animaliei min egiteko asmoz zabaltzen dituztela uste dute.

Auzoko txakurren jabeak ohartarazi ditu “Patrulla Canina Bilbao” taldeak, eta gogoarazi dute horrelako ekintzak Zigor-Kodean jasota daudela, 337. artikuluan alegia. Horren arabera, hiru hilabete eta egun bat eta urtebete arteko kartzela-zigorra eta animaliekin lotutako profesio, ogibide edo merkataritza harremanak izateko urtebete eta egun bat eta hiru urte arteko gaitasungabetze berezia ezar diezazkiokete animaliei tratu txarrak eman eta lesio larriak eragiten dizkietenei.

Auzoan jasaten ari diren egoera horri azkena emateko eskatu die talde horrek Bilboko Udalari eta Udaltzaingoari, eta, horri buruzko daturik izanez gero, agintariei jakinarazteko eskatu die auzokoei; izan ere, Twitter sare sozialean duen kontuan esan duenez, “animaliei tratu txarrak ematea delitua da”.