Herriak eta Hiriak
Memoriak de Bilbao-Bilbogileak
1846an argitaratutako Bilboko bidaia liburua argitaratu dute berriro
agentziak | erredakzioa
Bilbogileak-Memoriak bildumaren laugarren argitalpena da, eta duela 170 urteko hiribildua ezagutzera ematea du helburu.
-
Esparza, Aburto eta Ariztondo 1846ko gidaren aurkezpenean. Argazkia: Bilboko Udala.
“Bilboko Gida eta Bidaztien Gidaria Bizkaian” liburuaren bigarren edizioa argitaratu du Bilbao 700 Fundazioak. 1846. urtean editatu zen lehen aldiz Depont inprimategiaren eskutik, eta gidan, hiribilduaren bitxikeriak eta monumentuak deskribatzen dira. Lan berria jatorrizkoa bezala argitaratu dute, arau ortografiko berrien arabera eguneratuta.
Era berean, gidak jatorrizko izenburua du: "Guía de Bilbao y Conductor del Viagero en Vizcaya".
Memoriak de Bilbao-Bilbogileak bildumaren laugarren liburua da, eta bigarren edizio honek 1846ko plano topografikoak ditu, hiriaren deskribapenak euskaraz eta gaztelaniaz. Horregatik, Juan Maria Aburto alkateak nabarmendu duenez, “bitxi bibliografiko eder bat da”.
Juan Maria Aburto alkatearen eta Miren Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazioko zuzendariaren arabera, garai hartan, turismo gidak gauza berriak ziren Europako hiri nagusietan.
Iñaki Esparza liburuaren egileak azaldu du zein den horren helburua: “Bilbo hobeto ezagutzea, Erromantizismo garaiko Bilbo bat". Aburtok adierazi duenez, argitalpenak hiribilduko planoak eta azalpenak berreskuratzen ditu, eta horien artean Plaza Barria ikus daiteke. Bilbao 700 Fundazioko zuzendariaren arabera, argitalpen berri honen asmoa da, “hitzaurrean esaten den bezala, gure herrialdea bisitatzera datorren kanpotarrak aurki ditzala gidaliburu honetan 1846ko Bilbo ezagutzeko behar dituen datu guztiak”.