Itxi

Herriak eta Hiriak

Zinema eta kontzertuak

The xx musika taldeak Night + Day Bilbao jaialdia antolatu du

eitb.eus

Ekitaldia uztailaren 6a eta 11 bitartean egingo dute, eta musikaz, zinemaz eta festaz beteko da hiriburua BBK Live izan baino lehen.

  • Jaialdiaren emanaldi batzuk Guggenheim Museoan egingo dira. Argazkia: EITB.

    Jaialdiaren emanaldi batzuk Guggenheim Museoan egingo dira. Argazkia: EITB.

The xx musika taldeak Night + Day Bilbao jaialdiaren kartela eta programazioaren xehetasunak iragarri ditu. Britainiarrek Zinegoak jaialdiarekin batera antolatu dute uztailaren 6tik 9ra egingo den jaialdia, eta, horri esker, musikaz, zinemaz, irratiaz eta festaz gozatu ahalko da hiriburuan zehar, BBK Live izan baino lehen.

2013an sortu zuen talde britainiarrak Nigh + Day ekimena, Londresen, Lisboan eta Berlinen egun batez musikaz gozatu ahal izateko. Hala ere, 2017an norabidea aldatu zuen ekitaldiak, eta zortzi eguneko jaialdi bihurtu zen. Brixton auzoan egin zuten eta musikaz, zinema-jaialdiz eta festaz bete zuten.

Jaialdiaren baitan, nazioarteko artista ugari arituko dira uztailaren 11n Guggenheim Museoan, Jamie xx, John Talabot, Honey Dijon, Peggy Gou, Jayda G, Joy Orbison b2b Jon Rust, Lorenzo Senny eta Smertz, besteak beste. Era berean, BBK Live jaialdirako sarrera duenak kontzertu honetarako beherapena lor dezake.

Zinemak Bilborocken izango du bere txokoa, Night + Day Cinema programari esker. The xx taldeak Zinegoak jaialdiarekin elkarlanean sortu du, eta bertan, hiru egunez, uztailaren 7tik 9ra, sexu aniztasuna erakusten duten azken lanak izango dira ikusgai.

Bestalde, Night + Day Radio ekimena iragarri dute. Irratsaioa egingo dute egunero, 13:00etatik 19:00etara, eta zuzeneko emanaldiak, disko-jartzaileen eta hemengo artista batzuen saioak eta jaialdiarekin lotutako ekitaldien berri emango dute bertan.

Uztailaren 7tik 9ra

-Night + Day Cinema  zinema jaialdia Bilborocken.

Uztailak 11n

- Jamie xx, John Talabot, Honey Dijon, Peggy Gou, Jayda G, Joy Orbison b2b Jon Rust, Lorenzo Senny eta Smertz artista eta taldeen kontzertuak Guggenheim Museoan.