Itxi

Herriak eta Hiriak

Ekonomia

2019ko udal zergak eta tasak % 1,1 igoko ditu Bilbok

agentziak | erredakzioa

Udalaren arabera, proposamenaren bidez 1,5 milioi euro gehiago bilduko dituzte, eta diru hori hiriburuko auzoetan hobekuntza lanak egiteko erabiliko dute.

  • Bilboko udaletxearen argazkia. EITB.

    Bilboko udaletxearen argazkia. EITB.

Bilboko Udalak onartu egin du 2019ko zergak eta udal tasak % 1,1 igotzea. Igoera horrekin, Udalak aurreikusi du 1,5 milioi euro gehiago bilduko dituela zerga bidez, eta auzoetan hobekuntza lanak egiteko erabiliko dute.

Horrela, hauek ez dira aldatuko: Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, dokumentuak eskatzeko tasak eta Bilbobus, Bilbotrans, Gizatrans eta Hirukotrans txartelak.

Bilboko Udalak % 25eko tasa ezarri die bizilagunik gabe dauden etxebizitzei, alokairuak sustatzeko eta etxe horiek merkaturatu ahal izateko. Era berean, zerga ekitatea bultzatzeko, etxebizitza horietan hirugarren sektoreko jarduerak egiten dituztenek ere ordaindu beharko dute.

Halaber, gainbalioaren gaineko zerga % 1,0998 igoko da.

Gainera, familia ugariek, adinekoek, gazteek eta desgaitasuna dutenek onurak izaten jarraituko dute.

Neurri fiskalak ere, aurreko ekitaldietan bezala utzi dituzte. Jarduera Ekonomikoen Zergari (JEZ) dagokionez, kuotak proportzionalki zatitu ahalko dira, alta eta baja kasuetan.

Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergan, lehentasunezko zerga-tasa hauen aplikazioa zabaltzea proposatu dute. Batetik, % 2koa izango da Babes Publikoko Etxebizitzak eta ekimen publikoko Etxebizitza Dotazionalak egiteko eraisketak, lurrak mugitzea eta oin berriko eraikuntzen beste lan osagarri batzuk direnean. Bestetik, % 2,5ekoa izango da, bizitegirako inguruetan dauden urbanizazio pribatuetan oztopo arkitektonikoak kentzeko ekimen pribatuko obrak direnean. Azkenik, kasu horietan, hirigintzako lizentzien tasan tarifa murriztua (-% 60) aplikatuko da.