Itxi

Herriak eta Hiriak

San Fausto jaiak

Basauriko herriko taldeen batzorde batek antolatuko du jaien 50. urteurrena

EITB.EUS

Omenaldiaren baitan, herriko taldeen eta kuadrillen historia jasoko duen liburua argitaratuko dute.

  • San Fausto jaiak, Basauri.

Basauriko historia eta kudeaketa ondo baino hobeto ezagutzen duen herriko taldeen batzorde batek antolatuko du San Fausto jaien 50. urteurrena. Mende erdi honetako ibilbidearen informazioa biltzen eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatzen dabiltza egun.

Aritz Urtiaga Basauriko Herriko Taldeak elkarteko presidenteak eta batzorde horren partaide diren Itxaso Urionabarrenetxeak eta Txemi Merak lanaren nondik norakoak azaldu dituzte prentsaurrekoan. "Ezinezkoa litzateke arima eta eredu honek horrenbeste denboran bizirautea herriko taldeen laguntzarik gabe", esan du Andoni Busquet Basauriko alkateak.

Omenaldiaren baitan antolatuko dituzten ekintzen artean, jaien, herriko taldeen eta kuadrillen historia jasoko duen liburua argitaratuko dute. "Hainbat belaunalditako kuadrillen eta herriko taldeen partaide diren herritarrek emango dute ibilbidearen berri, eurak baitira protagonista nagusiak. Gainera, argazki bilduma eder bat prestatzen gaude, eta ziur naiz basauriarrek eskertu egingo dutela. Bestalde, DVDn argitaratuko den dokumental bat ere prestatzen gabiltza, eta liburuarekin batera izango dugu eskuragarri", azaldu du Basauriko alkateak.

"Irailean izango dugu lan honetaz guztiaz gozatzeko aukera. Honekin batera, 50 urteen historiaren hein handi bat Arizko dorretxean egingo dugun erakusketan islatzea da gure asmoa", azpimarratu du alkateak. Liburua eta DVDa irailaren 7an hasiko den erakusketa horretan emango dituzte argitara, eta egun horretatik aurrera, 10 euroan egongo dira eskuragarri biak ala biak.